2024 ABEN. 12 ENHE: «Ardi latxaren prezio baxua ez dator bat ekoizpen kostuekin» Urte osoan, ardi bakoitzeko sei euroko marjina besterik ez dutela lortzen salatu zuen EHNEk, eta egoera iraultzeko Elikadura Katearen Legea betetzeko exijitu zuen atzoko agerraldian. EHNE sindikatuak atzo egin zuen agerraldia. (GARA) Iraitz MATEO DONOSTIA Idiazabal eta Erronkariko ardi latx esnearen ekoizleek bizi duten «egoera larriaren» berri eman zuen atzo EHNEk, esnearen prezio baxuak ekoizpen kostuekin bat ez datozela azaltzearekin batera. Enpresa batzuek prezioak 0,036 euro igoko dituztela jakinarazi duten arren, gehienek iazko prezioei eustea erabaki dutela ohartarazi zuten, eta Latxo Foroak Arkautin egindako azken bileran Nafarroako Gobernuak emandako azken datuak landu dituztela esan zuten, 2022/2023 kanpainari buruzkoak. «Artzainek 6 euroko marjina garbia lortu zuten urteko ardi bakoitzeko, zegozkien laguntzak barne, aurreko urtean (2021/2022) marjina hori 60 euro ardi/urteko zenean», zehaztu zuten, eta gaineratu, hurrengo datuak hobeak izatea espero arren, ekoizpen kostuetan beherakada txikiak izan direlako, Behatokik ezarritako gutxieneko 1,627 eurotik «oso urrun» daudela gaineratu zuten. NEURRI ZEHATZEN ESKARIA Prezioak finkatzeko bideak berrikustea eskatu zuten, esne ekoizleei jatorri-deituretarako bidezko ordainsaria bermatzeko, «sektorearen iraunkortasuna bermatu eta ardi latxaren esnearen kalitatea zaintzeko». Batetik, gutxieneko prezioak bermatzeko mekanismoak eskatu zituen EHNEk, ekoizleei bidezko ordainsaria ziurtatzeko; bigarrenik, gardentasun handiagoa, «balio-kate osoan, ekoizpenetik distribuzioraino». Eta, hirugarrenik, administrazioak kontratuak ofizioz berrikustea: «Elikadura Katearen Legea betetzeko eta abusuzko praktikak saihesteko, eta benetako lehia esnearen merkatuan». GUTXIESPENA«Gaztagintzako industriak ez ditu gure ekoizpen gastuak kubritzen» ohartarazi, eta prezioak «beste marka zuri batzuen mailan jartzen» dituela salatu zuten, «kalitate eta tradizio handiko esnearen balioa gutxietsiz».