2024 ABEN. 12 Fermin Muguruzak Iruñean amaiera emango dio 40. urteurren birari Fermin Muguruzak 2025eko urriaren 4an bukatuko du, Iruñeko Nafarroa Arenan, 40. urteurreneko bira, hain zuzen ere Kortaturen ‘‘Azken guda dantza’’ kontzertu gogoangarria jaso zuen hiri berean. NAIZeko harpidedunek sarrerak gaurtik hasita eta beherapenez erosteko aukera daukate, eta gainerakoek abenduaren 17an abiatuko den salmenta orokorraren zain egon beharko dute. Egun horretan Biarritzen hasiko da Muguruzaren bira. Oholtza gainean daramatzan lau hamarkadak ospatuko ditu Muguruzak bira honekin. (Ikor KOTX) GARA IRUÑEA «Argi neukan nire azken kontzertua euskaldunon ‘‘Hiri Buruzagian’’ egin nahi nuela, politikoki, emozionalki eta nortasun aldetik horrek duen pisuagatik. Mundua zeharkatuko duen birari ‘‘agur’’ esateko modu polita izango da etxean bukatzea, hainbeste babestu nauten milaka zaleren aurrean», Fermin Muguruzak hitz horiekin iragarri zuen atzo urriaren 4an amaiera emango diola oholtza gainean daramatzan 40 urteak ospatzeko birari. Beste arrazoi bat ere gogoratu zuen efemerideak bereziki gustuko dituen musikariak: 1988ko urriaren 1ean ‘‘Azken guda dantza’’ kontzertu gogoangarriaren eszenatoki izan zen Iruñea. Nafarroa Arenak hartuko du nazioarteko bira. Abenduaren 17an salgai jarriko dira sarrerak (35 euro gehi gastuak) 9.00etatik aurrera www.muguruzafm.eus webgunean. Data ez da ausazkoa, egun horretan bertan abiatuko baita nazioarteko bira Biarritzen, duela bost urte hil zen Iñigo anaiaren kontzertu omenaldiarekin (60 urte beteko zituen abenduaren 17 honetan). NAIZeko harpidedunek sarrerak %20ko beherapenez eta aurretiaz lortzeko aukera izango dute. Harpidedunen Txokoan eskuratu ahalko dituzte, gaur bertan hasita, eguerdiko hamabietatik aurrera. Oholtzetatik egingo duen agurra «sekulakoa» izango dela ere iragarri zuen abeslari irundarrak. Baita ere, Nafarroa Arenako kontzertuan Hofe x 4:40’ taldea ariko dela. Aspaldiko ezagunak dira Muguruza eta Igotz Mendez ‘‘Hofe’’, eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech (4:40) musikariekin batera osatu duen proiektu berriarekin batuko da irundarraren festara. Talkatik gogorarazi zuten, hiru gazte horien arteko lotura musikala nahiko berria bada ere, hirukoteak bost urte baino gehiago daramatzala «Iruñeko eszenan gerran», aurretik Nibbass kolektiboarekin «Euskal Herriko underground eszenan ospe handia lortu baitzuten». Kontzertuetan, era berean, euskal eszenan ezagunak diren musikariak ondoan izango ditu Muguruzak bere lantaldean: Lide Hernando (gitarra eta ahotsak), Miryam ‘‘Matah’’ (ahotsak), Victor Navarrete (baxua), Gerard ‘‘Chalart58’’ (perkusioa eta dub), Xabi Solano (trikitia), Jon Elizalde (tronboia), Aritz Lonbide (tronpeta), Igor Ruiz ‘‘Fino’’ (saxoa) eta Gloria Maurel (bateria). Mahaietan Angel Katarainek eta Ania Rodriguezek lan egingo dute, soinuan eta teknikan hurrenez hurren. NAZIOARTEKO BIRA Abenduaren 17an Biarritzen abiatu eta ia urtebeteko bira burutuko dute, besteak beste Bilbo, Tenerife, Bartzelona, Paris, Dublin, Txileko Santiago, Bogota, Erroma eta Tokiotik igarota, 2025eko urriaren 4an bidaia Iruñean bukatuko den arte. Musikari irundarrak hamaika urte zeramatzan birarik egin gabe. «Ohore eta pribilegio bat izango da 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainean ospatu ahal izatea, oso kolpatuta dagoen belaunaldi batekoa naizela jakinda. Kontzertu hauek denentzat bereziak izatea espero dut, musika, dantza eta erreibindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa bat, bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa, besarkaden zeremonia bat», adierazi zuen Muguruzak. HARPIDEDUNAKNAIZeko harpidedunek zenbait abantaila izango dituzte sarrerak eskuratzeko. Batetik, %20ko beherapenez eskainiko zaizkie eta, bestetik, gaur 12.00etatik aurrera erosi ahalko dituzte Harpidedunen Txokoan. Salmenta orokorra abenduaren 17an abiatuko da.