2024 ABEN. 12 JOPUNTUA Nazioari beldurra Txoli MATEOS Soziologoa Emakume orok bilatzen du senarra eta, ahal dela, berea». Txiste matxista horrekin azaltzen du Ernest Gellnerrek nazioak estatu batez jabetzeko duen joera. Elkarrengandik ondo bereizita biak, ordea. Izan ere, estatua egitura politikoa da eta nazioa, aldiz, bere burua politikoki subirano irudikatzen duen giza komunitatea. Nazioak estatua bilatzen du eta estatuak bere oinarrian nazioa dagoela aldarrikatzen du, zilegitasuna lortze aldera. Estatua eta nazioa batera ez doazen heinean, azken urteetan, eta independentziarako bidea zabaltzeko asmoz, balizko euskal Estatu batek ekar lezakeen onura nabarmentzeko joera indartu da, eta ondorioz, garrantzia kendu zaio nazio identitate sendoari. «Abertzale izan barik ere, estatu baten alde egin dezake jendeak», baiesten da, hobeto (zentzu askotan) biziko dela konturatzen baldin bada. Hala, nazio sentimendua ez litzateke ezinbesteko ezaugarria estatu berri baten ideiara batzeko. Hurbileko adibidea Katalunia litzateke. Joera hori muturrera eramanda, nazio kontzeptuaren arriskuak hizpidera dakartzanik ere badago. Nazioaren ideia zaharkitutzat joz, «herria» kontzeptu ustez anitzagoa eskaintzen da alternatiba gisa, ordezkapen horretan gehiegi sakondu gabe. Ideia multzo honi bertute bat antzematen diot: egitura politiko berriaren bila goazela, euskal herritarren arteko lotura zibikoez hausnartu beharra agerian uztea. Baina nazioari beldur dioten horiei galdetu beharko litzaieke zeren izenean eska daitekeen euskal Estatu bat zazpi probintziek osatua. Zergatik ez Kantabriarekin edo Bearnorekin batera, adibidez, helburu bakarra hobeto bizitzea baldin bada? Edo zergatik tematu euskararen zabalpenean? Argi dago: euskal nazio baten aldarrikapena dagoelako herritarren jardun politikoaren oinarrian. Horixe da gakoa. Eta bazter dezagun beldur hori: nazioaren ideia ez dago, berez, aniztasunari, demokraziari edota progresismoari kontrajarrita. Nazioa, herria eta estatua bezalaxe, irudikatzeko modu asko daude. Eztabaida dezagun horietaz. Ideia multzo honi bertute bat antzematen diot: egitura politiko berriaren bila goazela, euskal herritarren arteko lotura zibikoez hausnartu beharra agerian uztea