2024 ABEN. 21 Ezozi Etxeberria, barazki lehiaketan huts egiten ez duen klasiko bat Donostiako San Tomas azokako beteranoetako bat da Ezozi Etxeberria soraluzetarra. Hamabost urte daramatza parte hartzen eta ohitu da sariak jasotzen. Lehen, bigarren, hirugarren... bere baratzetik ateratako ortuariengatik hiruetatik eman dizkiote. Gaur ere irabazleen zerrendan agertzeko asmoa du. Ezozi Etxeberria, aurtengo Santa Lutzi azokan. (Gotzon ARANBURU | FOKU) MAITANE ALDANONDO DONOSTIA Aritzaga baserriko baratzea ondo ezagutzen du Ezozi Etxeberria Irustak eta haren lurretatik ateratako barazkien berri Euskal Herriko hamaika azokatan dute. Produktu horiek erosi edota gozatzeko aukera izan ez dutenei ere, agian, helduko zitzaien oihartzuna, makina bat sari irabazi baititu han eta hemen. Gurasoek baserritik aurrera ateratzen zuten bizimodua; aitak, ganadutik eta larreko behiekin, eta amak, ortugintzatik eta ogia egitetik. Etxeberria haurra zela hasi zen haiei laguntzen, anai-arrebak bezala. Eskolatik irten eta baserrian aritzen zen, ganadua eta baratzea zaintzen, eta 15 urte zituenetik azoketara joaten. Gerora, baserrian geratu zen eta aurrekoek egindako lanari jarraipena eman dio. Ogibidea ondo ikasi zuela dirudi, baita maisu-maistra onak izan zituela ere, bai Arrasateko bai Donostiako San Tomas azokan urte asko baitaramatza sariak pilatzen, eta, bera ez dagoenean, Carmen ahizpak hartu du maiz goreneko lekua, hura ere aintzatespen batzuk jasotakoa baita. Baina ez horietan bakarrik. Euskal Herriko hainbat azoka berezitan egon da: Eibar, Bergara, Zaldibar, Deba, Zestoa, Altsasu... eta guztietan irabazi du sariren bat postu ederrena atontzeagatik edo bere produktuengatik. Gaur berriz ereKonstituzio plazan izango da. SASOIKOA AUKERAN Gaurko azokaren aurretik, Santa Lutzikoa gainean zuela erantzun zituen GARAren galderak. Urte amaiera arte egun entretenituak datozkio, baina nahiko argi du zer ekarriko duen: beti, garaikoa. «Barruan daudenak: tipula, patata eta kalabazak; eta kanpoan daudenak: porrua, eskarola, espinaka eta horrelakoak», azaldu du. Horrez gain, datozen jai egunei begira erosi ohi diren intxaurrak eta konpota edo sagar errea egiteko sagarrak ere prest ditu. Halaber, eskuz oratu eta egurrezko labean erretako baserriko ogia ere badu, ondo saltzen baita. Aritzagan betidanik egin dute, eta amona eta amarengandik ikasi zuen Etxeberriak. Soraluzeko azokan astean hiru aldiz egoten da eta merkatu bereziak dauden lekuetara ere joaten da, nahiz eta «gero eta gutxiagotan» izan. Edonola ere, ahal duen arte jarraitzeko asmoa du. Etxeberriaren ustez, Donostiako honek berezia du hiriarentzat «egun handia» dela eta jendea erosteko gogoz egoten dela. Salerosketa egitekotan, ordea, eguerdia baino lehenago izaten dela dio baserritarrak, baina eurek egun osoa pasatzen dute plazan. Erakusleiho ona bada ere, bere alde txarrak ere baditu, jendea jan eta edan dabilen lekua baita. Hala ere, salmenta zerbaitek baldintzatzekotan, hori eguraldia da. Euria bada, «nekezago» izaten da, «aterkia, karga... dena. Ez dute nahi izaten». Sarien eragina, berriz, ez du horren argi ikusten Etxeberriak. «Sariak ematen dituztenerako eguerdia da, eta jendeak erosketak lehenago egiten ditu. Eta aurretik irabazitakoez ez dira akordatzen». Postua apaintzea, ukitua ematea, ordea, saltzeko lagungarria zaiela uste du; horregatik, akaso, gaur ere apain-apain jartzeko asmoa du. Itxuraz harago, ordea, erakargarri nagusia bere erosgaiak izango dira. Haiekin irabazteko asmoarekin dator. «Zerbait egokitzen bazaigu, beti ondo». Ezozi Etxeberriak nahiko argi du zer eramango duen Donostiara: beti, garaikoa. «Barruan daudenak: tipula, patata eta kalabazak; eta kanpoan daudenak: porrua, eskarola, espinaka eta horrelakoak»,