2024 ABEN. 21 Elkarrizketa BIDANE BASKARAN Gaztagilea, 2023ko txapelketako irabazlea «San Tomas aukera ona da gure lana jendearen aurrean aurkezteko» Baskaran familiak egundoko ospea bereganatu du azken urteotan euskal gaztaren mundu lehiakorrean. Ohiko moduan eginda, ardi latx esne gordinez, ekoizle hauek kontsumitzaileen begiko bihurtu dira, goi mailako produktuak eskainiz. Bidane Baskaranekin mintzatu gara aurtengo San Tomas azokan jarrita daukaten itxaropenaren inguruan. Aritz LOIOLA FOKU AINHOA AROSTEGI MARKINA-XEMEIN Beste urte batez, konfiantzaz beteta datoz Bidane Baskaran eta bere familia Bilboko San Tomas azokara, gaztazaleen ahoa konkistatzeko prest. Nola hasi zen Baskaran gaztandegia? Zein izan da zuen bilakaera? Gure gaztak, inolako zalantzarik gabe, usadiotik sortzen dira. Artzain eta gaztagileak izan gara beti, eta horrek garrantzi handia du guretzat. Duela hamar urte modu profesionalean jarduteko erabakia hartu nuenean, Artzain Eskolara joan nintzen, behar bezalako formakuntza izateko. Egun, 450 ardi latx dauzkagu eta modu estentsiboan lan egiten dugu. Zerk bereizten ditu zuen gaztak? Idiazabalgo gazta lantzen dugu. Pasteurizatu gabeko esne gordinez egiten dugu, eta horrek ukitu bitxia ematen die gure produktuei. Gatzagi naturala erabiltzen dugu, eta behar ditugun osagai guztiak guk ekoizten ditugu. Horrek bereizten du gure gazta bakoitza. Onduak, erdi onduak eta keztatuak egiten ditugu. Baita gazta zaharretik sortutako krema goxoa ere. Zeintzuk dira jendearen gogokoenak? Eta zein zuena? Gazta erdi ondua da gehien saltzen duguna. Zapore leuna dauka eta izugarri gustatzen zaio jendeari. Hala ere, zapore sendoagoak nahiago ditugunon aukera gazta ondua izaten da. Gure gazta onduak, udaberrian egiten duguna batez ere, berebiziko kalitatea dauka, goi mailakoa. Garai horretan larreak beren unerik onenean daude eta horrek eragin handia dauka ardien esnetan, baita, noski, gaztaren zaporean ere. Zer suposatu zuen zuentzat iazko azokako gaztarik onenaren saria irabazteak? Guretzat oso pozgarria izan zen sari hori eskuratzea. Zortzi hilabeteko gazta ondu batekin irabazi genuen, udaberrikoa, eta hunkigarria izan zen gure ohiko bezeroen zorionak jasotzea. Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Saria pozgarria da, jakina, baina poz gehien ematen diguna gure gaztak dastatzen dituztenak gustura geratu direla jakitea da. Ongi egindako lanari emandako saria da guretzat. Zer espero duzue aurtengo San Tomas azokan? Azoka hau oso berezia da guretzat. Ezin dugu hutsik egin. Ekitaldi paregabea da eta egun bikaina izango delakoan gaude. Gainera, larunbata izanik, giro itzela egongo da. Jardunaldi gogorra izango da, bai, baina gustura ekingo diogu erronka horri. Zer da San Tomas azoka zure familiarentzat? San Tomas egun aparta da, berezia bezain maitagarria izan da beti guretzat, belaunaldi ezberdinen lokarri. Ume bat baino ez nintzela, piper egiten nuen eskolan, gurasoekin Lekeitiora joateko. Garai hartako argazki bat daukat, ondo gordeta, lehiaketa batean saritutako gure gazta batekin. Zein da hainbestetan saritua izateko sekretua? Zorte pixka bat behar da, jakina. Baina, inolako zalantzarik gabe, eskaintzen duzun produktuak kalitate handikoa izan behar du. Bestela, ez saririk, ez ezer. Guk xehetasun guztiak zaintzen ditugu, hasieratik bukaerara arte. San Tomas aukera bikaina da gure lana publikoaren aurrean aurkezteko eta bezeroekiko harremanak hedatzeko. «Gure gazta onduak, udaberrian egiten duguna batez ere, berebiziko kalitatea dauka, goi mailakoa. Garai horretan larreak beren unerik onenean daude eta».