GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Hildakoen urtea


Balantzeak eta aurrera begirako promesak egiteko egunak dira. Hedabideek ere joandako urtearen birpasoa egin ohi dute, titular izandako albisteak edo historiarako pertsonaiak bilduz. Nik Nora Cortiñasen heriotzarekin gogoratu nahiko nuke, maiatzeko plazako amen ikurra. Erreferentea giza eskubideen defentsan, maiatzean utzi gintuen bere semearen berri izan gabe eta ziur aski mundu okerragoa utziko zigula jakinda, bere herriari so eginez gero.

Argentina, Latinoamerikako herrialderik europarrena izateaz harro sentitu dena, aurpegirik krudelena erakusten ari da, konparazioari inoiz baino zentzu handiagoa ematen. Europako herrialdeak, oro har, itsasorako irteera dutenak eta horietako baten kide garen komunitateak, giza eskubideen politika hiltzailea egiten ari gara. Eta ez da harritzekoa mugei buruzko zaintza eta erabakiak Israel bezalako herrialde genozida baten esku utzi dugunon aldetik.

Gurean, Palestinako genozidioaren aurka ozen mintzatzen ez direnak dira argindar enpresei zergak kentzea defendatzen dutenak; bitartean, Gazan, hipotermiak jota hil den bost urteko haurra besarkatzen duen ama bat negar batean dagoelarik.

Horrela igaro dugu urtea, historiarako itsasoan eta lurrean milaka hildako utzi dituen Europaren oinordeko gisa.