GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Maitasun guziak


Deskonexio digitala egiten saiatu nintzen arren, argazki patroi bat azaldu zait pantailetan oporretan: bikoteak musuka, urte bukaera ospatzeko. Eta behin urtea hasita, San Valentin eguna nola ospatu, jendea kezkati ikusi dut jadanik. Maitasunak gure bizia gidatzen duela diote. Maitasun erromantikoak, nola ez.

Duela gutxi lagun baten deia jaso dut: bikotekideak utzi zuen. Etsipenak gidatuta, lagunei hots egin zien. Nork ez luke horrela eginen? Nire presentzia behar zuela esan bitartean, hasi nintzen nire buruari galdetzen: noiz ohartu nintzen lagunak ginela? Ia beti maitemintzen garela konturatu arren, sarritan denbora behar dugu norbait gure lagun bihurtu dela ulertzeko. Adiskidetasunak ez du erritu sozial argirik edo "konpromiso araurik", eta ez du maitasunaren premia bera. Hala ere, gure biziaren mugimendu eta erabaki ia guziak laguntzen ditu. Eta biak nahas badaitezke ere, funtsean ezberdinak dira: promes bera egiten badugu ere (“zurekin betiko”), oro har adiskidetasuna da promes hori betetzen duena. Zergatik ez dugu adiskidetasuna gure kulturak maitasuna ospatzeko darabilen indar frenetiko berarekin ospatzen?

Akaso okertzen ari naiz bi kontzeptuak kontrajarriz, eta maitasunaren eskala beraren koloreak dira; hala bada, urte hau izan dadila maitasun guziak ospatzeko.