2025 URT. 10 «BEHIN BETIKO» MANIFESTAZIOA BIHAR BILBON Aldarria, datu bidez: 20 urtetik gora kartzelan darama presoen %61ek «Aski da» mezua nabarmendu du orriotan Sareko eledun Joseba Azkarragak, Bilboko manifestazioaren atarian. Datuek uste hori berresten dute: bi presok 30 urtetik gora bete dituzte jada giltzapean, 13 gehiagok 25 urtetik gora, eta 60k 20tik gora. Adinean aurrera doaz, nola ez, eta horren ondorioz 14k gaixotasun larriak dituzte. (Gara) Ramon SOLA Espetxe auzia gainditzeko «behin betiko» konponbidea eskatuko dute milaka eta milaka lagunek Bilbon, bihar Sarek deitu duen mobilizazioan (17.00etan, Casillatik abiatuta). «Aski da», erantsi du Joseba Azkarragak ostegun honetan NAIZek argitaratutako elkarrizketan, kopuru argigarri batzuk eskainiz. Etxeratek, Sarek zein Sortuk darabiltzaten datuak bildu ditu NAIZek, egungo egoeraren argazki zehatza ateratzeko. Eta guztien artean bi nabarmentzen dira: batetik, jada espetxean pilatutako urteena, eta bestetik, hirugarren graduan edota baldintzapeko askatasunean egon beharko luketen presoena. Argazki hori marrazten hasteko, 122 dira une honetan Etxeraten zerrendan agertzen diren presoak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide direnak hain zuzen ere. Beste dozena bat inguru ez daude horren barruan bilduta, arrazoi ezberdinak tarteko (batzuk jorratzen ari den lege bidearen aurka daudelako, beste batzuk beren kabuz jardutea nahiago dutelako...). Azken multzo hau ere aintzakotzat hartzen du Sarek bere kalkuluetan, nahiz eta egoera guztiz zehaztea zailagoa den, batez ere legearen bidea erabiltzen ari ez bada. Espetxealdiaren luzapenari dagokionez, aipatutako 122 horien artean 75 dira dagoeneko 20 urte baino gehiago giltzapean egin dituztenak. Hauetako bik 30 urteak ere gainditu dituzte kartzelan: Jose Mari Dorronsorok eta Unai Parotek (azken hau 35 urtera helduko da laster, 1990eko apirilean atxilotu baitzuten). Beste 13 presok 25 urte baino gehiago daramatzate kartzelan. Eta gainerako 60ek, 20 urtetik gora. Europar estandarrak erraz gainditzen dituzte hauek guztiek. ADINA ETA GAIXOTASUNAK Zigorren luzatze honek adinean eragin zuzena du, nola ez. Gaur egun hiru dira 70 urte baino gehiago izan arren Estatu espainolak kartzelatuta dituen euskal presoak: Dolores Lopez Resina, Gregorio Eskudero eta Juan Manuel Intziarte. Joseba Arregi 78 urterekin izan dute espetxean, joan den irailera arte. Zazpi preso gehiago 65 eta 70 urteen artean dira une honetan, Sortuk zehaztu duenez. Hau kontuan harturik, giza multzo osoaren batez besteko adina 50 urte inguruan egotea, Azkarragak aipatu duen bezala, ez da batere harrigarria. Gazteenak Galder Barbado eta Aitor Zelaia izan daitezke, 2023an kartzelatutakoak; zerrenda honetan azkenak dira eta 30 urte baino gehiago dituzte jada. Kontuak honela, gaixotasun larriak dituzten presoen kopuruak neurri berean gora egin du. Egun 14 dira, Etxeratek argitu duenez: 10 kasu ezagun daude eta 4 gehiago ez dira ezagutzera eman, presoek hala erabakita. Gaixotasun larriak dituztenen portzentajea %10etik gora dago, beraz. PROGRESIOAK ETA KOKAPENA Bigarren datu esanguratsua hauxe izan daiteke: 49 presok (%40tik gora) zigorraren erdia beteta dute eta, ondorioz, hirugarren graduan egotea dagokie, eta hauetatik 25ek, gainera, hiru laurdenak gainditu dituztelako baldintzapean aske izan beharko lukete. Sarek egin du zenbaketa hau, europar irizpidearen aurka espetxealdiak luzatu dituen 7/2014 legearen aldaketak epe motzera eragin beharko lukeena kontuan harturik (oraindik ez da aplikatzen hasi). Etxeraten datuen arabera, hau da gaurko egoera Estatu espainolean direnei dagokienez: 11 lagun hirugarren graduan dira; 30 espetxetik kanpo kontrol neurriak ezarrita (espetxealdi arinduan, gizarte zentro batean Ibon Iparragirreren kasuan, hirugarren graduaren moduko formulazio berezi baten bidez...); eta 77 oraindik bigarren graduan, nahiz hauetatik 62 preso 100.2 artikuluak dakarren modu malguagoan ari diren espetxealdia betetzen. Aurrerapen handiena zigorra betetzeko tokiari dagokionez gertatu da, jakina. Urruntze politika 2023an amaitutzat eman zen, eta, honi esker, preso guztiak etxetik hurbil edo bere hirian bertan dira. Estatu frantsesetik hasita, Lannemezanen dira laurak, 300 kilometro ingurura: Javier Abaunza, Arkaitz Agirregabiria, Iñaki Esparza eta Mikel Karrera. Euskal Herriko kartzela handiena izanik, multzo zabalena Zaballak hartzen du: 45 preso. Martutenen 25 dira, Basaurin 11 -Bizkaian egon arren espetxe txikiena-, eta Iruñean 4. Argazkia osatzeko, 105 gizonezkoak dira, eta 17 emakumeak. 14K 40 URTE EZARRITA Bilakaera ikustearren urrutiko zein gertuko iraganari begiratu nahi bazaio, euskal presoen kopuruak 2008. urtean jo zuen goia, 750tik goiti zirelarik. Ziklo politikoaren aldaketarekin batera jaisten hasi zen, baina motel-motel. 2014ko apirilean 500dik jaitsi zen, «Parot doktrinaren» deuseztapenak ekarri zuen bultzadari esker bereziki. 2019an 250ren azpitik kokatu zen kopurua. Eta egun oraindik 100etik jaisteko urruti samar dago kopurua, 7/2014 legearen aldaketak ekar dezakeenaren zain. Arazo hau betikotu ez dadin, beste lege bat da oztopo nagusia, edozein kasutan: 7/2003 delakoa, 22 urtez inolako aldaketarik gabe indarrean segitzen duena. Etxeratek zehaztu duenez, 14 presok espresuki ezarrita dute espetxealdia 40 urtera luzatu behar zaiela, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Hala ere, Jose Maria Aznarrek asmatutako arau horrek bere osotasunean preso guztien gaineko eragina duela, era batera edo bestera, nabarmendu du Etxeratek. 30 URTETIK GORA Bi euskal presok 30 urte baino gehiago daramatzate harresien atzean: Jose Mari Dorronsorok eta laster 35 urte beteko dituen Unai Parotek. ADINEAN AURRERA Espetxeratutakoen artean 10 lagunek 65 baino gehiago bete dituzte, eta hauetako 3k, 70 baino gehiago. Ondorioa argia da: gaixotasun larriak dituztenak %10tik gora dira gaur egun. ESKUBIDEA 49 presok (%40tik gora) zigorraren erdia beteta dute eta, ondorioz, hirugarren graduan egotea dagokie, eta hauetako 25ri, gainera, baldintzapeko askatasuna. 7/2003 Etxeratek zehaztu duenez, 14 presori espresuki ezarri dio Auzitegi Nazionalak 40 urteko espetxealdia osorik betetzeko agindua, baina Aznarren lege bereziak guztiei eragiten die era batera edo bestera.