GARA Euskal Herriko egunkaria

Dufauren laborantza lurren egitasmoa babestu dute Parisen

Peio Dufau Euskal Herria Baiko (EH Bai) diputatuak aurkezturiko laborantza lurrak babesteko lege egitasmoari behin-behineko onespena eman dio frantziar Asanblea Nazionalak. Etxalde baten bizitegiaren eta lurren tratamendu bereizia ahalbidetzen du.

Peio Dufau, laborantza lurrak babesteko egitasmoaren inguruko prentsaurreko batean.
Peio Dufau, laborantza lurrak babesteko egitasmoaren inguruko prentsaurreko batean. (Patxi BELTZAIZ)

Peio Dufau Euskal Herria Baiko (EH Bai) diputatuak aurkeztutako laborantza lurrak babesteko lege egitasmoari behin-behineko onespena eman zion, asteartean, frantziar Asanblea Nazionalak.

Euskal hautetsiak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman zuenez, sostengu zabalarekin onartu da proposamena -bozketan parte hartu duten diputatuen %96,6k aldeko botoa eman zuten-.

Dufauk oroitarazi zuen laborantza arloko sektore ezberdinekin landua izan den egitasmoak sindikatu guzien sostengua ere jaso duela.

Lege proposamenaren xedea da laborantza lurrak desagertzearen aurkako tresna berria eskaintzea; besteak beste, laborantza lurren prezioen erregulazioa indartuz.

Esaterako, etxalde baten transmisioa egiteko unean, bizitegia, batetik eta, lurrak, bestetik, tratatzea ahalbidetzen du proposamenak; lehen irakurketan onartua izan ondoren senatariek eztabaidatu beharko dute.

2023an laborantzarako ziren 27.900 hektarea (2,5 aldiz Parisen zabalera) galdu dira bizitegi eta aisialdi zerbitzuen mesederako. “Kontsumo gordetua” deitutako fenomeno maltzurrak elikadura-burujabetza mehatxatzen du.

«Datozen 10 urteetan, laborari asko erretretara joanen dira. Ondorioz, laborantza lurren 10 milioi hektarearen geroa zalantzan dago. Demografiaren aldaketa hori dela eta, Safer egituraren erosteko eskubidea indartu behar da, argi eta garbi», defendatu zuen Dufauk.

Lege egitasmoa defendatzeko eginiko hitzaldian, Peio Dufauk 2021ean Arbonan buruturiko laborantza lurren okupazioa eman zuen adibide gisa; «mobilizazio horri esker, lur horien lehen bokazioa mehatxatzen zuen salmenta espekulatibo bat eragotzi zen», oroitarazi zuen. «Abertzale gisa, lurrari lotuta izanik, badakit gure arbasoek transmititu zigutena gure seme-alabei itzultzearen garrantzia», gaineratu zuen hautetsi ziburutarrak, «gure lurrak zaintzeko baliabideak» sortzeko legebiltzarkideen konpromisoa eskatu aitzin.