GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNGINTZAKO LANGILEEN AURKAKO ERASOAK

Iaz Hego Euskal Herriko osasun langileek 1.400 eraso salatu zituzten

Hego Euskal Herrian 1.400 eraso inguru salatu ziren iaz, Osakidetzak eta Nafarroako Medikuen Elkargoak atzo, osasungintzako profesionalen aurkako erasoen aurkako Europako egunean, emandako datuen arabera. Halako erasoek gora egin dute, datuek argitara eman dutenez: Osakidetzan iaz baino %12 gehiago salatu dira; Osasunbidean, berriz, %11,5 gehiago.

Urterik urte ugaritzen doaz osasun langileen aurkako erasoak.
Urterik urte ugaritzen doaz osasun langileen aurkako erasoak. (Jon URBE | FOKU)

Iaz 1.400 eraso inguru jasan zituzten Hego Euskal Herriko osasun-langileek, Osakidetzak eta Nafarroako Medikuen Elkargoak atzo emandako datuen arabera.

Osakidetzari dagokionez, langileek 1.176 eraso jakinarazi zituzten 2024an, aurreko urtean baino %12 gehiago. Salatutako erasoen laurdenak lesioak eragin zituzten eraso fisikoak izan ziren; gainerakoak, berriz, hitzezkoak izan ziren, hala nola irainak edota mehatxuak. Osakidetzak adierazi zuenez, pixkanaka horrelako gertakarien salaketak ugaritzearen arrazoia da gaiaren inguruan kontzientziazio handiagoa dagoela; kontzientziazio horrek langileak erasoak jakinaraztera bultzatzen ditu, orain artean egiten ez zutena.

Medikuen eta osasungintzako profesionalen erasoen aurkako Europako egunarekin bat zabaldutako datuen arabera, iaz erregistratutako 1.176 erasoetatik 893 «istiluak» izan ziren; batez ere hitzezko erasoak, hala nola irainak, isekak eta mehatxuak.

Gainera, 283 «istripu» izan zirela jasotzen du txostenak; lesioak eragin dituzten eraso fisikoei ematen diete izendapen hori. Indarkeriazko gertaera horiek batez ere emakumeek pairatu zituzten (221); erasotako gizonak 61 izan ziren. Eraso horien ondorioz, 31 emakumek eta 8 gizonek baja medikoa behar izan zuten.

Iaz nabarmenago hazi ziren eraso fisikoak, 187tik 283ra igaro baitziren; hau da, ia %90 ugaritu ziren. Irainek eta mehatxuek ere gora egin zuten, 854 izatetik 893 izatera pasatuz, baina neurri txikiagoan; %4,5 gehiago. Zifra horien arabera, 1.000 langileko 6,1eko jakinarazpen intzidentzia-tasa dago eraso fisikoen kasuan, eta 19,3koa izan zen hitzezko erasoen kasuan.

EPAIKETA «AZKARRAK ETA EREDUGARRIAK»

Bestalde, Nafarroako Medikuen Elkargoak «prozedura judizial azkar eta eredugarriak» eskatu ditu kasu horiei aurre egiteko; izan ere, 2024an 183 eraso salatu zituzten Osasunbideko medikuek. Horrela, azken urteetako goranzko joera berretsi da; izan ere, 2023an 164 eraso izan ziren, 2022an 143 eta 2021ean 121. 2019tik 2024ra, Osasunbideko 853 medikuk jasan dute erasoren bat, Medikuen Elkargoak ohar batean jaso duenez.

Estatuko Medikuen eta Profesional Sanitarioen aurkako Erasoen aurkako Behatokiaren datuak ere «kezkagarriak» dira. Baieztatu duenez, iazko urtekoa da mediku elkargoei jakinarazitako erasoen errekor historikoa: 847 indarkeria-ekintza guztira, agerian uzten duena hamar ordutik behin eraso egiten zaiola mediku bati Estatu espainolean.

Faktore eragileen artean, hauek nabarmendu zituzten: jasotako arreta medikoarekiko desadostasuna, itxaron beharra, eskatutako txosten edo proba gehigarriekiko desadostasuna eta kontsultara joandako pazienteen espektatibak ez betetzea.

Gaineratu zuten medikuen elkargoei 2024an jakinarazitako erasoen %43,5 baino ez direla iritsi epaitegira. Lege-ekintzak eraginkorrak ez direla uste izatea da salaketa ez jartzeko arrazoietako bat.

Hori dela eta, Nafarroako Medikuen Elkargoak «epaiketa azkarrak eta eredugarriak» eskatu zituen, eta «autoritate» izaera sektore pribatuko profesional sanitarioei zabaltzea, beren jardueran egindako erasoak «agintaritzaren aurkako atentatutzat» har daitezen, osasun publikoan gertatzen den bezala.

JAKINARAZTEA GARRANTZIZKOA

Egoera horiei aurre egiteko, Osakidetzak Erasoen Behatokia du, eta azaldu zuen «beti» bultzatzen dituela langileak horrelako egoerak jakinaraztera, «prebentzioan jarduteko, funtsezkoa baita egoeraren benetako irismena ezagutzea».

Bere plantillaren aurkako indarkeria fisikoaren edo hitzezkoaren aurrean «zero tolerantziako politikarekin» duen konpromisoa azpimarratu zuen, gertakari horien aurrean jarduteko protokolo bat duela gogoraraziz, eta azpimarratu zuen prebentziorako neurriak ezartzen jarraitzen duela, batez ere gertaera hasiberriak desaktibatzeko edo bideratzeko prestakuntzaren bidez.

Nafarroako Medikuen Elkargoak ere horrelako egoerak jakinarazteko eskatu du, epaitegietako prozesuan, profesionalei laguntzeko aholkularitza juridiko pertsonalizatuko zerbitzua eskaintzen baitu. Gainera, Paime programak ebaluazio konfidentzialak eta pertsonalizatuak ematen ditu, baita laguntza psikologikoa ere. Halaber, prebentzio-neurriak eta segurtasuna indartzeko premiazko beharra nabarmendu zuen.