GARA Euskal Herriko egunkaria

Kutsatzaile kimiko toxikoak atzeman dituzte Iratiko liken eta goroldioetan

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek kutsatzaile kimiko toxikoak atzeman ditu Irati basoko liken eta goroldioetan. Ez dira kontzentrazio oso altuak, baina toxikotasun handia dutenez, zaindu beharrekoak direla diote.

Julen Bustamante eta Alberto de Diego EHUko ikertzaileak.
Julen Bustamante eta Alberto de Diego EHUko ikertzaileak. (Laura LOPEZ | EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IBeA ikerketa taldeak kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman ditu Irati basoko liken eta goroldioetan, eta ondorioztatu du batzuk inguruko hiriguneetatik iritsi direla, beste batzuk gaur egun nekazaritzan egiten diren errekuntzetatik sortu direla eta, azkenik, duela zenbait urte debekatu ziren pestizidek eta isolatzaile elektriko batzuek debekatu aurretik eragindako kutsadurari dagozkiola.

«Konposatu organiko iraunkorren kontzentrazio adierazgarriak neurtu ditugu Irati basoko liken eta goroldio espezie banatan, baina ez dira antzeko beste toki batzuetan neurtutako kontzentrazioak baino altuagoak», adierazi du Alberto de Diego EHUko IBeA ikerketa taldeko ikertzaileak.

IBeA taldeko kideek CNRS eta Nafarroako Unibertsitateko kideekin batera egindako ikerketan, Iratiko liken espezie bat (Parmelia sulcata) eta goroldio espezie bat (Hypnum cupressiforme) erabili dituzte atmosferako kutsadura organikoa determinatzeko zentinela edo biomonitore gisa.

Konposatu organiko iraunkorrak toxikoak dira, eta ikerketan hiru motakoak aztertu dituzte: hidrokarburo polizikliko aromatikoak (PAH), bereziki errekuntza prozesuetan sortzen diren azpiproduktuak; poliklorobifeniloak (PCB), isolamendu elektrikoetan erabiltzen zirenak eta egun debekatuta daudenak; eta pestizida organokloratuak (OCP), nekazaritzan erabili ohi zirenak eta egun ere debekatuta daudenak. Ainara Gredilla IBeAko ikertzaileak azaldu duenez, «konposatu organiko horiek atmosferan oso urrunera iristen dira haizearekin, eta ingurumenean metatzen dira: izaki bizidunek barneratu eta metatu egiten dituzte».

«Altitude altuetan dauden guneak oso sentikorrak dira kutsatzaile organiko iraunkorrekiko, eta jakin nahi izan dugu zenbateraino metatu diren Iratiko liken eta goroldioetan. Izan ere, Irati basoa ingurune garbitzat hartzen da, turismoaz gainera abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria beste giza jarduerarik ez baitago han», esan du.

Emaitzek erakutsi dutenez, oro har, PAHen kontzentrazioak beste bi kutsatzaileenak baino nabarmen handiagoak dira. Ikertzaileen esanetan, ez da gutxietsi behar atmosferan zehar distantzia luzeetara garraiatzen den kutsadura, baina ikerlanak erakutsi du Irati inguruetan hamarkadatan izan diren hiri eta nekazaritza jarduerek badutela eragina airearen kalitatean.

«Pentsa daiteke kutsaduraren zati bat hiriguneetatik etorria dela eta etortzen dela, baina neurri handi batean bertako nekazaritzaren eragina ere garrantzitsua da -adierazi dute ikertzaileek-. Gaur egun, oraindik ere, Pirinioen inguruko toki batzuetan erreketa kontrolatuak egiten jarraitzen da, eta uste dugu oraindik ere hortik PAH asko etorri badatozela. Iratiko basoaren atmosferan PAH gutxiago egon dadin, nahitaezkoa da basoaren inguruan egiten diren errekuntza prozesuak kontrolatzea. Bestalde, garai batean erabiltzen ziren pestiziden aztarnak ez dira ezabatu (OCPak)».

PCBei dagokienez, susmoa dute «Irabia urtegiaren inguruan erabilitako isolatzaile elektrikoetatik datozela. Litekeena da garai batean erabilitako PCBak hantxe geratu izana eta gaur egun oraindik detektagarriak izatea», azaldu dute.

Ikertzaileek nabarmendu dute halako ikerketek balio dutela «batez ere baieztatzeko kutsatzaile hauek gaitasun handia dutela sortu diren lekutik leku oso urrunetara heltzeko eta Irati bezalako leku berez garbietan metatzeko». «Beraz, nahiz eta kontzentrazioak oso altuak ez izan, toxikotasun altua dutenez, zaindu beharreko gauza bat da etorkizunean arazorik ez izateko», ohartarazi dute. Horrekin batera, beharrezkotzat jo dute ikertzen jarraitzea «urtaroen edo urteen araberako aldaketak aztertzeko, eta hemen azaldu diren joerak berresteko».