GARA Euskal Herriko egunkaria

Arrazakeriaren eta faxismoaren kontra egiteko deia Baionan

Arrazakeriaren aurka mobilizatzera deitu dute. (G. FAUVEAU)

«Borrokaren tenorea orain da». Hilak 21ean Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, biharamunean, Baionan protestak eginen dira. Eragile talde batek giza kate batera deitu du, 17.00etan, Marengo eta Pannecau zubien artean. «Elkarrekin bizi gara egunero, eta askatasunez egiten jarraitu nahi dugu, berdintasun, justizia eta elkartasunean», esan dute.

Gizarte eta administrazio ezegonkortasuna areagotzen duten bazterkeria politika bortitzei uko egiteko nahiak batu ditu eragile hauek guztiak, «atzerritar anitz, edozein dela ere haien estatusa, langile eta bizileku titulua duten edo ez duten langileak, familiak, ikasleak, adingabe isolatuak, erbesteratuak, asilo eskaera egin dutenak… egoera prekarioan baitira».

Xedea Estatu frantsesean gaindi egin den deialdi zabala Baionara ekartzea ere bada. Ipar Euskal Herrian eskuin muturreko ideien gorakadak sortzen duen kezka nabarmendu zuten ostegunean.

Irmoki salatu zutenez, «migranteen kontrako jarrera gero eta nabarmenagoa da Ipar Euskal Herrian». Otsailean Pirinio Atlantikoetako prefetak egin adierazpenak, bai eta otsail hastapenean izan zen «duintasunik gabeko» polizia operazioa. Izan ere, otsailaren 6an, mugetan hil diren hainbat migratzaileei omenaldia egin zen egunean, 29 pertsona gelditu zituen Polizia frantsesak.

Azken hauteskundeetan eskuin muturrak Ipar Euskal Herrian izan zuen gorakada aipatu zuten, horrek migratzaileak laguntzen dituzten pertsonen kontrako jazarpena emendatzea ekarri duelakoan.

Laguntza behar duten migratzaile guztiei laguntzeko prest diren kolektiboengana jotzeko eta sostengu elkarteak kontak- tatzeko proposamena egin diete deitzaileek.