GARA Euskal Herriko egunkaria

Gipuzkoako errepideak finantzatzeko foru araua atzera botako du oposizioak

Gipuzkoako ahalmen handiko A-15, N-I, N-121 eta GI-632 errepideak finantzatzeko Aldundiak landu duen foru arau proiektua atzera botako dute gaur EAJ, PSE eta PPk. Osoko bilkura egingo da Batzar Nagusietan eta osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte oposizioko alderdiek.


Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko errepideak finantzatzeko landu duen foru arau proiektuaren ibilbidea gaur amaituko da, okerrik ezean. Batzar Nagusietan egingo den osoko bilkuran izango dute hizpide eta, azken orduko aldaketarik ez badago -oposizioko alderdi guztiek aurkeztu baitituzte osoko zuzenketak-, Aldundiari itzuliko diote proiektua. Hala, herrialdeko errepideak finantzatzeko konponbide globalik gabe jarraituko du Gipuzkoak, oposizioko alderdiekin izaniko elkarrizketek ez baitute emaitza onik eman.

Ildo horretan, eta aferak izan duen historiari erreparatuta, gogoratu behar da legegintzaldia Etxegaraten bidesari bat jartzeko asmoa mahai gainean zegoela abiatu zuela Bilduk. Gauzak horrela, eta Aralarren eta PPren botoekin batera, atzera bota zuten aipatu proposamena, eta hala hasi zuen bidea gaur Batzar Nagusietan eztabaidagai izango duten foru arauak.

«Arkupe» sistema

Behin Etxegaraten bidesaria jartzearen aldeko proposamena baztertuta, foru arau berri bat garatzeko exijitzen hasi zitzaion Gipuzkoako oposizioa Bilduren foru gobernuari. Horri Bidegiren arazo ekonomikoak gehituta -900 milioi euroko zorra du egun bankuekin-, Foru Aldundiak errepideak finantzatzeko foru arau bat garatzeko lanari ekitea ekarri zuen.

Ildo horretan, erabiltzaileek gaitasun handiko errepideak kilometroka ordaintzearen baldintza jarri zion oposizioak, eta horren ondorio izan zen Aldundiak «Arkupe» sistema proposatu izana, nahiz eta bineta bidezko sistema hobesten zuten. Bien bitartean, Etxegaraten bidesaria jartzearen eraginak aztertzen jarraitu zuten, eta emaitzen arabera -eta egungo zirkulazio dentsitateari so eginez-, bost milioi euro bilduko liratekeela ondorioztatu zuten.

Gauzak horrela, eta Aldundiko iturrien arabera, aurreko legegintzaldiak gai honen inguruan landu zuten ponentziaren ondorio nagusiei erantzuten zien zuzenean «Arkupe» sistemak; erabiltzaileek errepidean eginiko kilometroen arabera ordaintzea eta bidesariak gaitasun handiko errepideetan jartzea -A-15, N-I, N-121 eta GI-632, kasu honetan-. Bidesarien instalazioa faseka egitea izango litzateke aurrez aipatu ponentziaren ondorioei erantzuten ez zien erabaki bakarra.

Bilduren foru gobernuaren proposamena oposizioko alderdiek bere garaian onartu zituzten parametroen baitan kokatu izanagatik ere, EAJ, PSE eta PPk ez dute inoiz, publikoki behintzat, Arkupe izeneko sistema babestu.

Ibilgailu arinek bidesaririk ez

Gauzak horrela, eta oposizioko alderdien jarrera ikusirik, foru araua aldatu beharra izan zuen Aldundiak. Hasiera batean, bi foru arau planteatzen ziren, bata, ibilgailu arinentzat eta, bestea, astunentzat. Hala, arinentzat bideratuta zegoena izan zen bertan behera utzi zutena, oposizioko alderdiren baten atxikimendua helburu.

Hori gutxi ez eta Arkupe sistemaren ezarpena faseka izatea ere proposatu zien horiei, modu horretan aurreko legegintzaldian onartu zuten ponentziari bere osotasunean erantzunez. Gauzak horrela, Aldundiko iturriek GARAri adierazitakoaren arabera, eurena «kontsentsurako proposamena» da, ez gustukoen dutena.

Eta etorkizunean zer?

Hala, gaur amaituko da Bilduk denbora luzez landu duen foru arau proposamenaren ibilbidea. EAJ, PSE eta PPk osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte Batzar Nagusietan egingo duten osoko bilkuran, nahiz eta alderdi horiek errepideen finantziaziorako arazoari irtenbide bat emateko ez duten inolako proposamenik aurkeztu. Egoera horren aurrean eta, GARAri azaldutakoaren arabera, legegintzaldi honetan, behintzat, Foru Aldundiak ez du aferari lotutako bestelako foru arau proposamenik egingo. «Beraiek sortu duten arazo bati irtenbidea ematen ahalegindu gara, baina ez dute nahi izan», adierazi dute.