2014 OTS. 27 ERRAUSTE PLANTAREN FINANTZABIDEA, AUZITAN Swap-aren memoriak eta desmemoriak Ez naiz oroitzen» behin eta berriz entzun zen Carlos Ormazabal eta Joxi Etxezarreta GHK-ko aurreko arduradunen ahoetatik, errauste planta finantzatzeko banketxeekin hitzartu zuten swap produktuaren inguruko xehetasunak ematerakoan. Gaur egungo arduraduna den Antton Letek ere deklaratu zuen atzo, auziaren aurreneko saioan. A. ETXEBERRIA - O. LARRETXEA Caixabank eta Banco Santander banketxeen eta Price Waterhouse aholkularitza etxearen aurka salaketa aurkeztu eta prozesu judiziala abiarazi zuen GHK-k hartu zuen hitza lehendabizi. Antton Lete Hondakinen Kontsortzioko zuzendari nagusiak eman zituen azalpenak bi aldeetako abokatuen aurrean. 2011ko udal eta foru hauteskundeen ostean kargura heldu zenean, errauste planta eraikitzeko «neurriz kanpokoak» ziren interesak ordaintzen ari zirela konturatu zen, eta hala jakinarazi zion orduan GHK-ko finantza arduraduna zen Maite Etxarriri. Kopuru hauen egokitzapena iradoki zuenean Etxarrirekin «tirabirak» sortu zirela ere onartu zuen. Atzo goizeko saioan deklaratu zuten guztien arabera, Etxarrik zerikusi handia izan zuen produktu finantzario horren kontratazioarekin. Etxarrirekin sei hilabete kointziditu zuen Letek, baina kaleratua izan zen kudeaketan bat ez zetozelako. «Konfiantza galera egon zen», adierazi zuen GHK-ko zuzendari nagusiak. Hondakinak kudeatzeko azpiegitura multzoen egutegia «gutxi gorabeherakoa» zela ohartarazi zien Letek orduan banketxeei, eta horregatik «likidazioa erabilitako kapitalari» egokitzeko eskaera egin zuen, horrela ez egiteak swap-a «produktu erabat espekulatzaile» bilakatuko lukeelako. Auzitara eramandako banketxeek, ordea, jaramonik ez dutela egin erantsi zuen, eta hori GHKren kontuak «bahituta» edukitzea bezalakoa dela. Produktu hau kontratatu zenetik, ia 6 milioi euro xahutu ditu Kontsortzioak. Gipuzkoako Aldundiak hondakinak kudeatu eta tratatzeko aurkeztu berri duen plangintzagatik galdegin zioten banketxe eta aholkularitza etxeko abokatuek. 131 milioi euroko kostua izango duten azpiegituretarako finantzabide bila ari direla onartu zuen Letek, baita GHK-ko ordezkariak iragandako otsailaren 14an Banco Santanderrekin bildu zirela ere. Lete, ordea, ez zen bertan izan, nahiz eta baieztatu zuen gaur egun akordiorik ez dagoela itxita. Letek kargura heldu zenean kontratuak eta abar sinatuak zeudela adierazi, eta horregatik lehen eskuko informaziorik ez zuela argudiatu bazuen, Ormazabal eta Etxezarretak ondoren erabili zituzten adierazpenak «ez naiz oroitzen» edo «ez nago jakinaren gainean» izan ziren. GHK-ko abokatuaren galderei erantzuteko moduagatik sumatzen zen urduri zegoela, deseroso. Ormazabal ez zen oroitzen Price Waterhousek proiektua geldiaraztearen ondorioez ohartarazi zien edo ez, ezta ere arrisku politiko-sozialaz abisatu zieten edo ez. «Gure egitekoa foru araua betetzea zen». Hain zuzen, hortik jo zuen Ormazabalek bere egitekoa defendatzeko, alegia, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra (GHHKPO) bete beharra zegoela. Hala, zuzenean Bilduri leporatu zion gaurko egoera: «Espekulatzailea da [swap-a] bertan behera utzi dutelako proiektua», esan zuen. Etxezarretaren interbentzioa antzekoa izan zen. GHK-ko zuzendari nagusi ohia lasaiago zegoen. Berak ez zuen oroitzen arrisku politiko-sozialaz mintzatu zirenik, ezta IBH enpresak mezu elektroniko bat bidali zuenik ere proiektuaren gehiegizko dimentsioaz ohartarazteko. «Ez genuen inoiz pentsatu proiektua egingo ez zenik, Batzar Nagusiek hala onartu zutelako. Finantzabideei dagokionez, ziurtatu ziguten egiten ari ginena [swap-a] ohikoa zela, ez zela gauza arraroa». Laugarren protagonista Maite Etxarri, GHKren Finantza arduradun ohia, izan zen goizeko saioko testiguen diana nagusia, eta horregatik, ikusmin berezia sortu zuen bere testigantzak. Urduri hasi bazen ere -saioa eten behar izan zuen ur trago bat edateko-, segituan lasaitu zen, eta ez zuen batere arazorik izan abokatuen galderei erantzuteko. GHK-ko abokatua izan zen lehena Etxarriri galderak egiten, honek zegokion arloan zuen esperientziaren inguruan. Nahiz eta bere burua «aditu» bezala ez ikusi, beste swap batekin lan egin zuela adierazi zuen Etxarrik. Ildo horretan, errauste plantaren finantzaketaren inguruko erabaki guztiak bere eskuetatik pasatzen zirela onartu zuen, nahiz eta azken hitza Administrazio Kontseiluarena zela zehaztu zuen. Kontratua sinatzeko unean, berau gauzatu ezin izateko leudekeen arrisku guztiak aztertu eta horiei erantzunak ematen ahalegindu zirela esan zuen, nahiz eta arrisku politikoez ahaztu egin zen, GHKren abokatua zentzu horretan tematu bazen ere. Ildo horretan, errauste planta bera finantziazioaren «berme» zela adierazi zuen, defentsaren teoriari jarraiki. Zubietako proiektua bertan behera geratu izanaren kostu ekonomikoen inguruan galdetuta, berak hori kalkulatzen ez dakiela adierazi zuen, eta horrenbestez, konfiantza guztia Price Waterhousen gain jarri zuela. Horregatik guztiagatik bere garaian sinatu zuten kontratua «ezin hobea» zela iritzi zion. Gainerako erantzunak, «ez dakit» edo «ez naiz gogoratzen», komeni zitzaionaren arabera.