2014 API. 09 Harremanak euskaraz josi nahi dituzte udalek EAEko 19 udaletako hizkuntza irizpideen aurka salaketa aurkeztu du Carlos Urquijo Gobernu espainoleko ordezkariak. Kontseiluak deituta, euren politiken defentsa egingo dute gaur (19.00etan) kaltetutako administrazioek beren herrietako plazetan. Aimar ETXEBERRIA Oihane LARRETXEA Salaketa esku artean, zer egin erabaki behar izan dute Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 19 Udalek. Auzitan: hizkuntza irizpideak, besteak beste, kontratazioak egiteko garaian, euskara beharrezkotzat joz. Neurriek inor diskriminatzen ez dutela berresten dute udaletako ordezkariek, herritarrak eskatzen duten hizkuntzan izango baitira artatuak. Tolosa, Soraluze, Zarautz, Otxandio eta Lezo dira kasuetako batzuk. Tolosa Urteetan Tolosako Administrazioan praktikara eraman diren hizkuntza irizpide orokorrak orain urtebete txosten bakarrean bildu zituen Udalak. Bertan zehazten dira, besteak beste, zein hizkuntza irizpide bete behar diren itzulpengintza, langileen prestakuntza, errotulazio, diru laguntza eta kontratazioei dagokienez, besteak beste. «Finean, hizkuntzarekin lotura duten arlo guztiak», dio Iñaki Azaldegik, Udaleko Euskara teknikariak. Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean egin zuten, beste udalekin batera denen artean helburuak adosteko. Azaldegik defendatu egiten ditu euskaraz mintzatu eta bizi nahi duenaren eskubideak, gazteleraz soilik dakienarenak urratu gabe betiere. «Ez da inor diskriminatzen», azpimarratu du, Carlos Urquijok sortutako egungo egoera «mingarria eta absurdua» dela iritzita. Gogorarazi du, gainera, Tolosan 12.000 euskal hiztun daudela, eta errealitate horri erantzun bat eman behar zaiola. Tolosak ez ditu neurriok indargabetu, eta Estatu espainolak abiarazitako prozesuan aurrera egingo dute, konbentzituta daudelako legea alde dutela. «Abokatuak kontratatu ditugu; dagoeneko lanean daude. Gure erabakiek legearekin bat egiten dute, euskara defenditzea ez da delitua», nabarmendu du. Soraluze Administrazioak egiten zituen kontratazioetan euskara eskatzeagatik jaso zuen demanda udal honek. Osoko bilkuran onartu zen irizpide hori -Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSEren abstentzioarekin- eta lehenago Aldundiaren adostu zen. Herrian, batez beste, biztanleen %56k hitz egiten dute euskaraz. «Hemen ez dugu inor diskriminatzen. Harremanak euskaraz zein gazteleraz nahi dituenari horretarako eskubidea bermatzen diogu. Are gehiago, hizkuntza irizpideetan, kontratua esleitu behar dugunean aztertu egiten da kontratuaren izaera, hartzaileak nortzuk izango diren zehazteko, eta horren arabera hizkuntza irizpide batzuk edo besteak ezartzen dira», azaldu du Mikel Leunda Euskara teknikariak. Esaterako, udal kiroldegia kudeatzeko elebitasunaren irizpidea baliatuko dute; bestetik, ludoteka kudeatzeko, euskara hutsean aritzearen irizpidea, zerbitzua 12 urtetik beherakoentzat delako, eta gaur egun haur guztiek dakitelako euskara. Tolosak ez bezala, demandaren aurrean ez du helegitea aurkeztu eta, beraz, Soraluzeko kasua artxibatuta dago. «Oraingoz, Urquijok irabazi du», adierazi du. Zarautz Demanda esku artean, zer egin erabaki beharra zuen Zarauzko Udalak ere. Honi men egin eta asmoak bertan behera utzi, edo aurrera jarraitu. Ez bata ez bestea. Kostaldeko herriaren kasuan aho batez onartutako hizkuntza irizpideak Euskararen Erabileraren Planaren barruan txertatzea deliberatu zen, Lakuak eskatzen dituen baldintzak beteaz. Gari Berasaluze Euskara zinegotziak gogorarazi du 21 zinegotzietatik hogeik bozkatu zutela Urquijok ondoren auzitara eraman zituen hizkuntza irizpideen alde -PPko zinegotzia abstenitu egin zen-. Herritarrek euskaraz komunikatu nahi izatea eskubidea dela dio. Horregatik, Administraziotik informazioa gaztelaniaz jaso nahi duenak hala jakinarazi behar dio honi. Hori adierazi ezean, informazioa euskara hutsean iritsiko zaio herritarrari. Udalean bertan langileek horretarako duten eskubideaz mintzatzen da, halaber, Berasaluze. Otxandio Bizkaiko herri honen kasuan, salaketaren aurrean aurrera edo atzera egin erabakitzeko epe barruan dira gaur-gaurkoz. Nekane Ortiz de Zarate Euskara zinegotziak oroitzen duenez, urte honetako martxoan hasi ziren gorabeherak afera honekin, Urquijok Udalean ezartzen diren hizkuntz irizpideen berri galdetu zuenean. Eta erantzun zuten bai, Otxandioko Udaletik, euskara hutsean, ordea. Hala, «bigarren aukera» bat eman die Gobernu espainolaren ordezkariak hizkuntza irizpideen berri emateko, gaztelaniaz, noski. Horretarako, bihar arteko epea dute Udaleko ordezkariek. Erantzunik eman ezean, gainera, Udala auzitara eramango duela mehatxu egin die Urquijok. 2013ko abenduaren 26an onartutako «Euskararen erabilera normalizatzeko plana 2013-2017» txostenean oinarritzen dira Otxandioko Udalak ezartzen dituen hizkuntza irizpideak. Kasuan kasuko kontratazioak aztertzen dira eta, kontratatuak jendearekin harremanak izan behar dituen kasuetan, horiek euskaraz egiteko baldintzak ezartzen ditu. Bere bidea egiten jarraituko du, beraz, Urquijoren eta Otxandioko Udalaren arteko aferak. Lezo Lezoko Udalak, Soraluzekoaren antzera, Urquijoren jolasean ez sartzea erabaki du, hizkuntza irizpideak mantentzearen aldeko jarrera hartu badu ere. Kontratazioen legea alde batera utzi eta euskararen normalizaziorako plana izango dute euskarri hizkuntza irizpideek, Urquijorekin lehia saihestuz modu horretan. Kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezarriz egin duten gauza bakarra «legea betetzea» dela esan du Euskara teknikariak, «aspaldi indarrean zegoen lege bat, gainera». «Lakuako Gobernuak 1997an onartu zuen dekretu batean oinarritu gara», zehaztu du. Hala, langileek hizkuntza eskubideak betez euskararen normalizazioaren alde egiten dela gaineratu du. Zentzu horretan, euren hizkuntza irizpideak udalekuetako begiraleak, kaleko obretako seinaleak eta gisakoak euskaraz jardun edo idaztearen aldeko neurrietan oinarritzen zirela zehaztu du. Hala, prozeduran atzera egin bai baina euren helburuekin jarraituko dutela iragarri du.