2014 URR. 04 1813-1814 urteetako aldaketa astintzailea ikertu du Fito Rodriguezek «Gontz garaia»-n «Napoleonen funtsezko garaipena ez zen militarra izan, juridikoa baizik; Kode Napoleonikoa». Ideia hori hartuta, Euskal Herrian orain berrehun urte gertatu zena Europaren baitan aztertu du saiakera lan honetan. Maider EIZMENDI DONOSTIA «`Gontz garaia' denbora historikoan galerna eguraldian dena izango litzateke; une bat zeinean zegoenak eta datorrenak bat egiten duten, eta non ohiko denboraren isuri geldoaren partez bat-bateko aldaketen osagaiei batera antzeman dakiekeen», hala kontatzen du Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik Fito Rodriguezek atzo aukeztu zuen «Gontz garaia» liburuaren hastapenean. Bertan 1813 eta 1814. urteetara egin du salto egileak, garai hura kontestuan kokatzeko. «Garai bakoitzak badu bere ardatza eta ezin da beste garai batzuetan ikusi, baina zenbait garaitan, gontz garaietan, dena batera azaltzen da eta hori gertatu zen hemen duela 200 urte». Aipatu zuen gerra horiei Espainian «Independentzia gerrak» esan zaien arren, Europan «gerra napoleoniko» deitu zaiela. «Ezin dira gauzak zokokeriatik aztertu; Bosnia aipatu dut liburuan, zeren Donostian eta Travniken gauza bera gertatzen ari zen duela 200 urte», nabarmendu zuen. Euskal Herrian gertatu zen ulertzeko, Europa osoan gertatu zena ulertzea ezinbestekoa dela ulertarazi zuen. «Ideiak eta kultura» Liburua idazteko orduan gidari izan duen beste ideia ere aipatu zuen Rodriguezek. «Gogorrak izanagatik azaleko gertakarien azpian badago funtsezkoa den gauza bat: ideiak eta kultura». Argitara eman duen liburua hain zuzen ere, «ideien istoriatxo» bat dela aipatu zuen; izan ere, bere esanetan, «Napoleonen funtsezko garaipena ez zen militarra izan, juridikoa baizik, Kode Napoleonikoa». Harekin «batu zituen gizarte estamentaletik ekarritako zuzenbide mota desberdinak bakar batean» eta «berdintasuna geratu zen handik aurrera gizartea antolatzeko arau gisa». Ondoren, berriz ere «monarkia berrezarri arren, eta aristokraziak indarra hartu, juridikoki gizartea erabat aldatuta geratu zen betiko». Hala, iraultzaren ondotik kontrairaultza datorrela diotenei ohartarazi zien «iraultzak badakarrela aldatu ezin den zerbait, orain 220 urtekoa funtsezkoa izan zen». Liburuaren ideia nagusiak xehatzearekin batera, Rodriguezek aurkezpenera batutakoei galdera bat ere bota zien: gaurkoa gontz garaia ote? «Estatuek muzin egin diote beren funtsezko egiteari, gizarte konpaktazioa eta Kode Napoleonikoaren arabera, herritarrei eskubide berberak aitortzeari», aipatu zuen. Horrenbestean, estatuek egun ez dutela «orain 200 urte zuten balioa» nabarmendu zuen: «Orain sortzen ari dira gizartea sortzeko bide berriak». Saiakerak merezi duen tokiaren aldeko aldarria Duela urtebete Bosniatik iritsitako film baten izenburutik hartu du Fito Rodriguezek liburuaren azpititulu gisa erabili duen esaldia -«Ipuinak kontatu ezin dituztenei»-. Emakumeen ikuspegitik, bertako sarraskiak kontatzen zituen hark. «Haiei ezin zaizkie ipuinak kontatu, ez dute ipuinetan sinesten jada. Hau ere ez da ipuina, ez da fikzioa, saiakera bat da; zenbait gauza ulertzeko beste begirada bat behar da eta». Alde horretatik, Utriusque Vasconiae argitaletxearentzat esker hitzak izan zituen, «abiatutako bidean jarraitzen duelako eta saiakerari behar bezalako aukera ematen euskal literaturan eta, oro har, euskal letretan». M.E.