2014 ABEN. 02 Liburutegi digitala, lizentzia eta ereduen eztabaida mahai gainean Abian da Euskadiko Liburutegi Digitala. Milatik gorakoa da Internet bidez mailegatu eta irakurketa digitala baliatzen duten izenburuen kopurua. Urte amaierarako 3.000 inguru izatea espero du Lakuak. Lizentzien erosketaren bitartez eskuratu ditu Gasteizko Gobernuak liburuen eskubideak eta badira horren gainean eztabaida irekitzeko eskatzen dutenak ere. BakalHau kolektiboak «nodo»-ak eta Guifi.net bezalako tresnen erabilera defendatzen du. Ariane KAMIO Liburutegira joateko ohitura renak egin du askorentzat. Irakurri nahi den liburua aurrez aurre aukeratu eta liburuzainari txartela erakutsita alea eskuan etxeratzeko prozesuak badu alternatibarik. Pasa den asteaz geroztik, martxan da Lakuako Gobernuak abiatutako Liburutegi Digitala. Paperean irakurtzeak ba omen du bere xarma, baina e-booketara ohitu diren begiek etxetik irten gabe mailegu digitalak egiteko aukera dute dagoeneko. Mailegu horietara sarbidea izateko, hori bai, azken itzulia egin beharko dute tokiko liburutegira. Zerbitzu berrian izena eman eta, orduan bai, www.liburuklik.euskadi.net-en irakurketarako gaiak bilatu eta jaisteko prest izango dira. Oraingoz mila inguru dira zerbitzuak eskaintzen dituen izenburuak, baina urte amaierarako 3.000raino igotzea aurreikusten du Lakuako Gobernuak. EAEko udal liburutegi guztiak dira egitasmo berri honetako partaide -aitzindari dena Estatu espainolean-, hiru izan ezik. Donostiakoa, Santurtzikoa eta Bilbokoa 2015ean zehar batuko dira. Maileguen iraupena 21 egunekoa izango da eta erabiltzaile bakoitzak gehienez bi liburu izan ditzake mailegatuta. Epea amaitu baino bost egun lehenago gogorarazte mezua jasoko du. Eskaerak eguneko 24 orduetan egin daitezke, urteko 365 egunetan, eta mailegatutako aleak gehienez sei gailutan irakurri ahal izango dira. Erabiltzaileak liburua bere gailu propioan irakurri ahal izango du (ordenagailu, tableta, smartphone edo liburu elektronikoa), baina DRM teknologia tarteko, ezingo du alearen kopiarik egin. Streaming modalitatea ere abiatu du Gasteizko Gobernuak. Horrekin, plataformatik zuzenean irakurri ahal izango dira liburuak (gailu guztietan, liburu elektronikoetan izan ezik), baina deskargarik egin gabe. Lakuako Kultura sailburu Kristina Uriartek, eta sailburuorde Joxean Muñozek adierazi zutenez, proiektu hori «pirateriarekiko alternatiba» bilakatzea nahi dute, eta «legezko irakurketarako» ohitura bilakatu. Eredu librea Mailegu digitalen erabileraren inguruan, baina, bada beste eredu baten alde egin nahi duenik ere. BakalHau kolektiboa afera horren harira eztabaida bat sortzearen aldekoa da, modu alternatiboei bide emateko. Lakuaren proiektuak kopiak egitea galarazten du eta liburu bat 20 bider irakurtzen den aldiro Gobernuak ale horren lizentzia berri bat ordainduko du. «Liburutegiek irakurtzea eta kulturaren zabaltzea bezalako eskubide unibertsalak bermatzen dituzte. Honezkero guztiok dakigun bezala, eduki digitalak kopiatzearen kostua zero da. Kopiatze ahalmen hori zuzenean lotzen dugu eskubide horiek are eta errazago zabaltzeko ideiarekin», azpimarratu dute. «Gaur egungo teknologia erabilita, era oso merkean wifi bitartezko liburutegi aske digital `nodo'ak sortzea oso merkea da, eta `nodo' horiek Internet edo Guifi.net bezalako sareen bitartez lortu eta sinkronizatu ahal dira `Herri liburutegi digitalen' sare bat sortuz», adierazi dute taldekideek. Baina zer dira «nodo»-ak eta Guifi.net bezalako tresnak? Halaxe eman dute beraien azalpena: «`Nodo' bat sare banatu bateko puntu bat da, kasu honetan ordenagailu txiki bat izan daiteke, zeinak memorian liburu digitalak gordeta dituen eta wifi ireki baten bitartez liburuak eskaintzen dituen. Horrela, edonor konekta daiteke wifi horretara eta liburuak aske jaits edo igo ditzake. `Nodo' horiek herrietako leku esanguratsuetan jartzea proposatzen dugu eta bertatik liburuak aske jaits eta igo ahal izatea», esan dute. Guifi.net, bestalde, Internet «paralelo» bat da, Kataluniatik datorren egitasmo herritar bat. «Sare horrek Internet erabili gabe gailu elektronikoak, ordenagailuak, eta abar konektatzea ahalbidetzen du era ireki, libre eta neutralean», gaineratu dute. Euskarak Liburutegi Digitalean duen presentzia urriarekin ere kezkatuta agertu dira. Elkarrizketa hau egin den egunean euskarazko aleen eskaintza ez da %10era iristen Liburuklik-en webgunean (129 euskaraz, 1.316 gaztelaniaz).