2014 ABEN. 09 49. Durangoko Azoka 2014 «Agortua», hainbat salmahaitan itsatsi behar izan duten kartela Egile batentzat poz handienetarikoa bere lana agortu egin dela jakitea da, are gehiago euskal herritarrentzat hain kuttuna den Durangoko Azokan bada. Hainbatek poztasun hori izan zuen Landako guneko azken egunean. Nagore BELASTEGI Durangoko Azokan, leku guztietan bezala, badaude hainbat joera, modak. Badaude egile batzuk beti sekulako salmentak izaten dituztenak eta beste batzuk urte zehatz bateko sorpresa direnak. Aurten ere izan dira liburu «izar» batzuk, ehunka ale saldu dituztenak. Fermin Munarriz GARAko standean aurkitu genuen. Aurten salmenta oso onak izan dira. Pasa den asteburuan egunkariarekin batera salgai jarritako «Años turbulentos - Urte nahasiak», Gotzon Aranburu eta Juantxo Egañaren lana, agortu egin zen. «Goizean ale bakarra genuen, jendeak ikus zezan, baina azkenean saldu egin dugu», esan zuen. Egile berberek idatzitako «La modernización - Modernitatea» ere ondo saltzen ari zen. Honakoa datorren asteburuan izango da salgai egunkariarekin batera. Bestalde, Iñaki Altuna eta Mikel Zubimendiren «Josu Muguruza, balek hondatu ez zuten ametsa» liburuak ere arrakasta izan du. Baita kantutegiak ere. Erosketaren batekin oparitzen zuten posterra, munduko nazioak irudikatzen dituena, berriz, salgai jarri behar izan zuten eskari handia zegoela-eta. Honakoa abenduaren 20-21ean eskuratu ahal izango da GARArekin 6 euroren truke. Munarrizen esanetan, aurten iaz baino emaitza hobeak izan dituzte Azokan. Lucio Urtubiaren alerik ez Iritzi berekoa da Mikel Soto Txalapartako editorea. Argitaletxe honek ere bazuen bere «agortua». Lucio Urtubiaren «Mi utopía vivida»-ren alerik ez zen gelditzen eguerdirako (autobiografiaren egilea bertan zebilen txapela eta guzti). Euskaraz, Patxi Zubizarretaren «50» izan dute salduena. Pello Elzaburu, Pamielako editorea, pozik zegoen azken egunean ere jendetza zebilelako. Argitaletxe honetako salduenak aurreikusten zituztenak izan dira: Bernardo Atxagaren «Txoriak kolpeka» eta Arantxa Urretabizkaiaren «Zuri-beltzeko argazkia». Azken honen 50 ale besterik ez zitzaizkien gelditzen eguerdian eta Elzaburuk arratsalderako agortu egingo zen ustea zuen. Poesiari dagokionez, Joseba Sarrionandiaren «Izuen gordelekuetan barrena» izan da arrakastatsuena. Haur literaturan, Xabier Olasoren «Txuntxurrun berdeko animalien kontakizunak» lanak harrera ona izan du. Album ilustratuek ere gero eta interes handiagoa pizten dute eta Pamielak badauzka ugari, Kalandraka argitaletxearekin duten lankidetzari esker. Guztien artean Pamielak berak editatutako «Hiltzaileak», Leire Salaberriarena, azpimarratu zuen editoreak. «Etxepare saria irabazi berri du», azaldu zuen. Susa argitaletxean gehien saldutakoak ere ez dira ustekabekoak izan. «Urtez urte nobela onak kateatu ditugu eta beldur ginen aurten ere maila hori emango ote genuen! Baina zortea izan dugu eta Unai Elorriagaren `Iazko hezurrak' Durangora ekarri ahal izan dugu», aipatu zuen Gorka Arrese editoreak. Horrekin batera, poesiazaleek Jose Luis Otamendiren «Kapital publikoa» «identifikatzen jakin dute». Sorpresa ere izan dute; izan ere, udaberrian kaleratutako Lander Garroren «Gerra txikia» lanak jende asko erakarri zuen. Azoka osatuagoa, hobea Goizean zehar jende asko zegoen eta eguerdi parterako giroa baretzen joan zen. Elkarreko arduradun Olatz Osa pozik zegoen lehenengo egunetik pertsona asko gerturatu zirelako standera. Bere ustez, aurten hainbeste jende egotearen arrazoia Landakotik kanpo antolatu dituzten ekintza ugariak dira. «Eskaintza aberatsa eta osatua dauka Azokak, eta horri erantzun egin dio jendeak. Gustu guztientzako ekintzak daude eta euskal kultura maite duenak badauka zer egin. Gogoetaren Plazan, adibidez, debate interesgarriak sortzen dira. Espazio desberdinen gabezia azpimarratzen genuen lehen eta uste dut oso ondo asmatu dutela formatu honekin», aipatu zuen. Elkar da Landakon erakusmahai gehien dituen argitaletxea, sail desberdinetan banatuta. Lanik salduenak Ane Urkizaren «Mamuak», Danele Sarriugarteren «Erraiak» eta John Anduezaren «Prime Time» izan dira. Gazte literaturan Jasone Osororen «Ezekiel» lanak erakarri ditu haur gehien. Salmenta handiak ezin ditugu aipatu Toti Martinez de Lezea zerrendan sartu gabe. «Nur» haurrentzako saga dela-eta urtero izaten ditu irakurzaleak zain, baina aurten, gainera, «Enda lur» helduentzako nobela ere aurkeztu du eta, beraz, Ereineko standean sinadura eskuratzeko sortu ohi diren ilarak asko luzatu dira. Martinez de Lezearen alboan Jon Arretxe zegoen, argitaletxeko kide Idoia Gonzalezen esanetan, asko saldu duen beste egilea. «Hutsaren itzalak» liburua aurreko urteetan best seller izan diren gainerako izenburuen zerrendara gehitu da, egile honek ere urtero ekartzen baitu lan bat Durangora. Nobedadeak orokorrean ondo saldu ditu Ereinek, baina batez ere Dolores Redondoren Baztango trilogiaren azken atala, «Eskaintza ekaitzari», nahiz eta euskal mitologiaren zantzuak dituen nobela beltzaren beste bi zatiak ere ondo saldu diren. Standetik taula gainera Toti Martinez de Lezeak urtero sortzen dituen ilarak aipatuz, musikari erreparatu beharra dugu. Atentzioa ematen dute azken egunean ere Gatibuk eta Berri Txarrak-ek sortu zituzten ilarek. Talde bizkaitarrak goizean itsatsi zuen «CD-ak agortuta» zioen kartela. Itziarren Semeak-eko kideak parean zituzten Vendetta taldekoekin txantxetan aritu ziren, jarraitzaileei hitz batzuk eskaintzen zizkieten bitartean. Arratsaldean Su Ta Gar-eko kideek ere ez zieten hutsik egin zaleei eta aleak sinatzen jardun zuten. Talka Records diskoetxean Tania de Sousa eta Sorkunen musika saldu zen gehien, nahiz eta produktu «izarra» «Black is beltza» liburua izan den. 5Gora zigiluan askotariko musikariek egindako kantez osatutako «Athletic gu gara» izan da diskorik salduena. Gor diskoetxean, berriz, «Hitza»-k, Altxatu gaztetxoen bigarren diskoak, «Leihotikan»-en zuzeneko grabaketa parekatu du. Ahotsenean eta Plateruenan etengabeak izan dira musika emanaldiak lau egunotan. Goizean zehar, talde desberdinek musikaz bete zuten eszenatokia. Arratsaldean, berriz, musikaz eta jendez bete zuen D-Pintxos taldeak; musikaz, «Ahotsak» disko berria aurkezten izan zirelako Durangon; jendez, rock-ska lantzen duen talde hau zortzi pertsonak osatzen dutelako. Atzetik, Voltaia, Kezkak eta Inun taldeek eskaini zuten kontzertua. Amaiera biribila, 49. Durangoko Azoka honentzat. Irakurzaletasunaren hazia ereiteko, Saguganbara Saguganbaran, haurren txokoan, antzematen zen giro alaiena. Txiki gelditu zen areto handian irakurzaletasuna sustatzeko tresnarik eraginkorrena jarri zuten eskuragarri; haur eta helduek elkarrekin literaturaz gozatzeko tartea. Lurrean kuxinetan botata zeuden denak, adinean alderik izango ez balitz bezala, letra arteko abenturetan sartuta. Ez zen pertsona bakar bat gehiago ere sartzen eta liburuak esku batetik bestera pasatzen ziren etengabe. Ondoko aretoan Irrien Lagunek aurkezpen berezi bat zuten; alegia, Pupu eta Lore haurren -Pirritxen bikiak- euskarri digitalentzako aplikazioa. Umeei zuzendurikoa da eta euskara hutsean dago. Honen aurkezpena egiteko Irrien Lagunak klubeko bi kide izan ziren haurrak zoratzen. Beste areto batean gune didaktikoa zegoen eta umeek egun batez arkeologoak izateko aukera izan zuten goizean zehar. Tresna bereziekin harean indusketak egin behar zituzten. N.B.