2014 ABEN. 28 HATORTXU ROCK Eguraldi kaskarrak ez du presoen aldeko elkartasun jaialdia zapuztu Ateak zabaldu orduko ehunka lagun bildu ziren HatortxuRockeko karpan. Txarteldegian eta diru trukeak egiteko ilarak sortuak ziren, Vendettak jaialdiari hasiera eman zionerako. Iosu GANUZA Eguraldiak lagundu ez, baina hurbildu zen jendea Atarrabiako hilerri arteko gunera, Hatortxu Rockeko 17. edizioaz gozatzera. Kontzertuak hasi aurretik ilarak sortu ziren txarteldegian. Bertan zain zegoen Antonio Guerrero gazte cadiztarra. Bere asmoa Vendettaren kontzertua ikustea zen. «Hatortxura etortzen naizen lehendabiziko aldia da, eta egia esan ez nuen horrenbesteko jenderik espero», aitortu zigun. Txarteldegian ilarak, eta karpa barruan, gunearen erdia jendez beteta lehendabiziko kontzertua hasi orduko. Diru trukeak egiteko takiletan ere ilarak zeuden. Bertan, Atarrabiako Irene Narbarte aurkitu genuen: «15 minutu daramat ilaran eta oraindik asko falta zaigu iristeko». Apur bat aurrerago zain zeuden Burgoseko Sala de los Infantes eta Monasterio de la Sierra herrietako Guillermo eta Roberto. Haien hitzetan, «ez da etortzen garen lehendabiziko aldia, eta kontzertuengatik gatoz, baina batez ere Hatortxuren lemarengatik», izan ere, «ez da zilegi euskal presoek jasaten duten egoera». Kontzertu gunera itzulita, jendea etengabe ari zen dantzan eta hainbat eskualde eta ekimenetako ikurrak ikusgai ziren zapi eta ikurrinetan: Galizia, Grebalariak Aske, LIBRE!.... Ikustekoak ziren Eskoziari eginiko keinuak ere, besteak beste Vendettako gitarrista eta Kashbadeko Sorkunen gona koadrodunetan. Haien artean Zaldibarreko gazteriaren zapiak ikusgai ziren. Hamabost bat lagun bertaratu ziren Bizkaiko herri horretatik, eta esan zutenez, prest zeuden 24 orduz parranda egiteko: «Burlatan bazkaldu dugu eta bihar goizean [gaur] Bilbora joango gara futbola ikustera». Vendettaren kontzertua amaitu aurretik hasiak ziren Arkada Sozialeko musikariak Iparralde agertokia prestatzen, boluntarioen laguntzaz. Taldeko abeslari Hodeiren hitzetan, «kontzertu inportantea da hau guretzat, jende asko biltzen duelako eta daukan helburuagatik». Horregatik, ohikoa eskaintzeaz gain «RIPeko Juli omenaldi berezia eskainiko diogu, musikari ikaragarria izateaz gain, lagun bikaina izan zelako». Arrasateko taldeko kideek jende gutxiago espero zuten lehendabiziko orduetan. Ildo berean, Vendettako Luisillo Kalandrakak ere zera aitortu zigun, beren kontzertua, jaialdiko aurrenekoa, amaitzerakoan: «Zalantzak jota iritsi gara kontzertura, ez genekielako zenbat jende aurkituko genuen, baina sorpresa ezin hobea jaso dugu, Hegoalde agertokira igo eta karparen erdia beteta ikusterakoan». Giro ona azpimarratu zuen Kalandrakak, eta horrek «pilak kargatzen» lagundu ziela. Talde nafarreko ahots eta baxu jotzaileak gaineratu zuenez, gero taldekide batzuek gainerako kontzertuez gozatzera geratzeko asmoa zuten. Bitartean, boluntarioak etengabeko lanean ari ziren, barran, dirutrukean, sukaldean eta segurtasunean besteak beste. Haien jardunari esker posible izan zen kontzertu guztiak puntualtasun zorrotzez hastea. Hala, arratsaldeko zazpietan, Kashbad hasi zen jotzen. Talde beteranoak bere abesti berriak aurkeztu eta iraganekoak gogoratu zizkien zaleei. Txap gitarristaren kolaborazioa ere izan zuten, izan ere, Lisaböko musikari eta azkenaldian Danboreneako sustatzaile dena Kashbadekoei laguntzen ari da. Agertokia prestatzen ari ziren bitartean, Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok adierazi zigun «apur bat urduri» zegoela, «izan ere, Hesianek orain urte batzuk hemen jo zuen arren, nire lehenengo aldia da Hatortxun». Boluntarioen lana goraipatu zuen Zizurko abeslariak: «Konpromiso eta auzolan serioaren jaialdia da hau». Halaxe, emanaldia joan eta emanaldia etorri, luzerako jo zuen euskal preso politikoen aldeko elkartasun gauak.