GARA Euskal Herriko egunkaria
HARRI-JASOTZEA | Gabonetako Torneoa

Urruzunok eta Eizmendik Euskal Herriko txapeldunak zergatik diren erakutsi dute


Asteasun bertan jokatu zen Gabonetako Harri-jasotze Torneoa ere, eta Urruzunok, eta Eizmendik eraman zuten garaipena. Hasieran iragarritako bi kirolari ez ziren izan azkenean. Joseba Ostolatza zen Urruzunorekin izatekoa, baina honek zenbait arazo ditu, eta Eizmendik ordezkatu zuen. Beste aldean, Izeta III.a zen Izeta IV.arekin aritzekoa, baina honek ere arazo fisiko batzuk zituenez, Urrutiak ordezkatu zuen. Bost harri ezberdinekin aritu ziren.

Hasi, 125eko errektangularrarekin hasi ziren, eta 21na jasoaldi eman zizkioten bi minutuan Izeta IV.ak eta Eizmendik. Ondoren, 125eko zilindro koparekin neurtu ziren, eta hor 17 jaso zituen Urrutiak, eta 22, aldiz, Urruzunok. Hirugarren lanean, 100 kiloko zilindro zaharra izan zuten aurrean, eta hor 19 jasoaldi eman zituen Josetxo Urrutiak eta 24, Urruzonok.

113 kiloko kubikoarekin, Izeta IV.a gailendu zen. Zarauztarrak 16 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, eta bi bider gutxiago Eizmendik. Bukaeran, 100 kiloko bolarekin txanda librean lehiatu ziren, eta bi minutuko txanda bat izan zuten, aurreko harri guztiekin bezalaxe. 28 jasoaldi lortu zituzten Urruzunok eta Eizmendik, eta 25, Urrutiak eta Izeta IV.ak.

Denera, Urruzunok eta Eizmendik 109 jasoaldi lortu zituzten, eta 12.157 kilo jaso zituzten guztiak batuta. Josetxo Urrutiak eta Izeta IV.ak 98 jasoaldi egitea lortu zuten, eta denera, berriz, 10.950 kilo. Eguraldi oso hotza izan arren, jende ugari bildu zuten Asteasuko pilotalekuko harmailek.