2015 URT. 04 PILOTA Palomesek eta Saldubeherek aurrerako bidea ongi egin dute J.L. Palomesek eta Saldubeherek egin zuten atzo hasitako Berezkoen Buruz Buruko Txapelketan aurrera, euren partidak ongi irabazita. Biak ziren faboritoak, biak izan zuten dirua alde, eta inork ez zuen hutsik egin. Palomesek 40-31 hartu zuen mendean Goikoetxea, 52 minutuan pilotan aritu ostean. Lehen kintzekoa izan zen berdinketa bakarra; hortik aurrera faboritoa jaun eta jabe izan zen, nahiz eta tartean txakaladi bat ere izan zuen irabazleak. 15-5 oso azkar jarri zen aurretik, eta neurketa bideratuta zuela ematen zuen. Ondorengo tantoetan ere ez zuen zalantzarako tarterik uzten, 25-10ekoa ere lortu baitzuen, baina hor etorri zen bere txakaldia, eta gauzak estu jarri ziren. Palomesen beherakada primeran baliatu zuen Goikoetxeak, 2-15eko partziala lortu, eta 28-25 gerturatu baitzen. Horretara arte dirua Saldubehereren alde egon zen oso nabarmen, baina une horretan zalantza dezente sortu ziren, bai dirua jokatzen ari zirenen artean, baita gainerako ikusle guztien artean ere. Palomesek, ordea, ez zuen ezusterik nahi, eta lanean jarraitu zuen. Ongi eman zion buelta, eta berriro ere aurrea hartu zuen. 10-3ko partziala lortu, markagailuan 38-28 jarri, eta horrekin lehen kanporaketa erabakita utzi zuen. Bientzat zen atzokoa aurreneko Buruz Burukoa, aurtengo udazkenean iritsi baitira maila nagusira. Saketik 12 tanto egin zituen Palomesek, eta 10 Goikoetxeak. Egindakoen artean, 17 izan ziren irabazlearentzat, eta sei gutxiago galtzailearentzat. Galdutakoak, berriz, hamar izan ziren Palomesenak, eta bat gutxiago Goikoetxearenak. 1-0, 1-1, 14-5, 25-10, 26-15, 28-25, 32-25, 38-28 eta 40-31 izan ziren partzialak. Estuagoa Estuagoa izan zen bigarren kanporaketa, baina azkenean faboritoak, Saldubeherek, 40 eta 35 irabazi zion Monzeri, 56 minutuan. Bi pilotari hauek ere berriak dira maila nagusian, baina elkar primeran ezagutzen dutenak ere bai. Donibane Garazikoak dira biak eta amateurretan makina bat aldiz jokatu dute elkarrekin bikotea osatuz. Partida une oro nahiko estu joan zen, baina Monze beti gertu ibili zen, eta partida lau aldiz berdintzea ere lortu zuen. Saldubehere, ordea, bakarka oso ongi moldatzen den pilotaria da eta Monze hortik menderatu zuen. Saketik 9 tanto egin zituen Saldubeherek, eta Monzek, berriz, bi gehiago. Jokoan, 23 egin zituen irabazleak, eta 19, berriz, galtzaileak. Galdu, 5 galdu zituen Saldubeherek, eta 8 Monzek. 2-0, 4-4, 5-13, 14-14, 15-15, 16-16, 24-18, 30-23, 34-26, 36-28 eta 40-25 izan ziren norgehiagoka honetako partzialak. Atzoko bi irabazleek datorren asteburuan Saran jokatu beharko dute hurrengo kanporaketa.