2015 URT. 05 Aizkora | Urrezko lehiaketa Faboritoek hasieratik erakutsi dute euren maila Atutxak eta Mugertzak minutu eta erdiko aldearekin hartu zituzten mendean Larrañaga eta Saralegi. Jon LEUNDA Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak erraz irabazi zuten atzo Deban jokatu zuten Urrezko Aizkorako saioa. Amaieran minutu eta erdiko tartea kendu zieten Mikel Larrañagari eta Ruben Saralegiri. Hasierako lana bakarrik galdu zuten Mugertzak eta Atutxak. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren, eta 34an amaitu zuten. Bi gutxiago behar izan zituzten Larrañagak eta Saralegik. Bigarren lanean, bikote bakoitzak 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuen, eta amaieran garaipena lortu zuen bikoteak aurka zuen aldeari buelta eman zion. 50 segundoan bota zuten enborra, eta zortzi gehiago behar izan zituzten aurkariek. Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta bizkaitarrak eta gipuzkoarrak aldea handitu egin zuten. 1.57 izan zen beraien denbora, eta bederatzi gehiago behar izan zituzten gipuzkoarrak eta nafarrak. Ondoren, 60 ontzako enborra zeinek azkarrago ebaki neurtu ziren, eta hor ere Atutxak eta Mugertzak ez zuten barkatu. Lana 3 minutu eta segundo batean bukatu zuten, eta hogei segundo gehiago behar izan zituzten Larrañagak eta Saralegik. Bosgarren ekinaldian, 45 ontzakoa zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita erdibitu behar izan zituzten, eta hori ere Atutxak eta Mugertzak irabazi zuten. 3.35 izan zen beraien denbora eta 3.48 aurkariena. Azkena iraupen proba izan zen, lan erabakigarria, baina faboritoak 48 segundoko abantailarekin iritsi zirenez, ordurako nahikoa bideratuta zuten. Bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. 13.37 izan zen beraien denbora, eta aurkariena, berriz, 14.48. Lan guztiak burutzeko, 23 minutu eta 54 segundo behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak, eta 25 minutu eta 33 segundo, berriz, Larrañagak eta Saralegik. Gazetan Urrezko Aizkorak ez du geldialdirik izango, eta bihar bertan izango du jarraipena, Elorrioko Gazeta auzoan jokatuko baita norgehiagoka. Kañamares III.a eta Jauregi Donatoren eta Oihan Larretxearen aurka neurtuko dira. Azken hauentzat lehen saioa izango da, eta horrek berarekin izaten ditu arriskuak. Dena dela, lan hauetan Donato oraindik oso ongi moldatzen da, eta zutik jarritako enborrekin maisua izaten jarraitzen du, eta tartean bi badirenez, min ere egin dezake. Jauregi eta Kañamares jadanik neurketa bat jokatuta datoz, eta hura irabazi eta itxura ona emanda. Norgehiagoka estua espero da, eta oraingoz ez dago faborito garbirik.