2015 URT. 19 ITSASOA Bodyboard txapelketak 2015ean: Formatu berritzaileak martxan Iaz martxan jarri zen APB zirkuituak txapelketa andana iragarri du 2015. urterako. Ikusleek epaitzeko formatu berri bat ere izango da. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Aurtengoan ere izango da mundu mailako APB bodyboard itzulia, eta gainera, eredu berria pixkanaka indar hartzen ari dela dirudi. Horrez gain, ikusleek epaile lanak egin ahal izango dituzten zirkuitu berri bat ere izango da: formatu berritzailea izango duen The Free Surf Bodyboarding World Tour 2015. Urte interesgarria izango dela dirudi. Pixkanaka bodyboard munduak izan dituen sasoi ilunak atzean geratzen ari direla dirudi, baina hori horrela izateko lanean ari diren bodyboardzale eta lehiakideek dioten moduan, «oraindik egiteko asko dago». IBA vs APB Surfean ASP zirkuitu gisa ezagutzen dena, bodyboard modalitatean IBA (International Bodyboard Association) izenez ezagutzen zen orain gutxi arte. Iaz ordea, arrazoi desberdinak zirela medio, (tartean krisi ekonomikoa), IBA erakundeak antolatzen zuen munduko zirkuitua bertan behera geratu zen eta ordutik, Association of Professional Bodyboarders (APB) erakundea da lehen egiten ziren goi mailako txapelketa ofizial guztiak antolatzen ari dena. Beraz, orain APB izena du goi mailako zirkuituak eta lehen egiten ziren munduko txapelketa garrantzitsuenak antolatzen dituen erakundeak, eta aurtengoa martxan den bigarren urtea da. Pasa den urtean Amaury Lavernhe Reunion irletako lehiakidea izan zen munduko APB zirkuituko txapelduna. Guztira bost txapelketa egin ziren 2014. urtean. Pipeline, Itacoatiara, Arica, Antofagasta eta Sintra izan ziren txapelketak egiteko hautatutako urautsiak. Nesken kategorian iaz titulu mundiala eskuratu zuen lehiakidea orain artean izan den txapeldunik gazteena izan zen. Alexandra Rinder kanariarrak hamasei urterekin eskuratu zuen munduko titulua. Belauniko egiten den kategorian (drop-knee), berriz, Dave Hubbard iparramerikarra izan zen munduko txapela eskuratu duen lehiakidea. Urtebeteko ibilbidearen ostean APB zirkuituak indar hartu duela dirudi, izan ere, iaz zenbait berrikuntza egiteko zuten asmoa adierazi zuten eta orain 2015. urterako antolatu dituzten txapelketen berri eman dute. Txapelketa asko eta kalitate handiko urautsiak, horiek dira aurtengo APB zirkuituko bi ezaugarri nagusiak. APB egutegiak Abenduan iragarri zuen Alex Leon APBko gerenteak: «Txapelketa berriak izango dira, antzinako txapelketa batzuk berreskuratuko dira, eta gazteentzako Pro Junior kategoria sortuko da». Leonek orduan ez zuen datu zehatzik eman, ordea, eta orain txapelketa horiek non eta noiz izango diren iragarri du. Guztira hamahiru txapelketa izango dira aurten, tartean Maldivak, Nazare eta Teahupooko txapelketak izango dira berrikuntza, izan ere, orain artean ez da leku horietan mundu mailako txapelketa garrantzitsurik egin, edo ez behintzat mundu mailako zirkuitu ofizial batean kokatzen zen txapelketarik. Maila desberdinetako txapelketak izango dira aurten, horrela izar gehiago duten txapelketetan puntu eta diru gehiago irabazi ahal izango dituzte lehiakideek. Gehienez bost izarreko txapelketak izango dira, hauek lehengo maila gorena ordezkatuko dute eta ondorioz txapelketa horietan orain artean lehen mailan aritu diren lehiakideak izango dira. Bost izarreko txapelketak honako urautsietan izango dira: Arica (Txile), Itacoatiara (Brasil), Australia ekialdea, Maldivak, Nazare (Portugal), Teahupoo (Tahiti) eta Middles Beach. Guztira zazpi txapelketek osatuko dute, beraz, lehen mailako zirkuitua. Nabarmentzekoa da urtero txapelketen sasoiari hasiera ematen dion Pipelineko txapelketaren hutsunea. Antza, txapelketak egiteko beharrezko baimena lortzeko arazoak izan dituzte, eta baita beste zenbait arazo ere, baina arrazoi desberdinak direla eta, APBko ordezkariek datu gehiago ematea ekidin nahi izan dute. Lau izarreko txapelketei dagokienez, guztira lau txapelketa izango dira: oraindik zehaztu ez duten Brasilgo urautsi batean, Bahian, Varion eta Portugalgo Sintran. Txilen txapelketa bakarra izango da, hiru izarrekoa, eta Margarita uhartean, berriz, bi izarreko txapelketa egingo dute. 2015eko bodyboard zirkuitu mundiala maiatzean abiatuko da. Lehen txapelketa Txilen izango da, Aricako urautsi famatuan. Horren ostean Brasil aldera joko dute lehiakideek, eta han bi txapelketa izango dira. Ekainean Panama izango da protagonista, lehen aldiz izango baitira lehian munduko bodyboard zale onenak bertako uretan. Jarraian, Australia ekialdean den Shark Island olatu beldurgarria menderatu beharko dute lehiakideek. Abuztuan Maldiva eta Portugalen izango dira, irailean Teahupoon, eta urtea Venezuela, Puerto Rico eta Brasilgo txapelketekin amaituko da. Normalean modalitate bakoitzean nesken eta mutilen kategoria banatu egiten da eta bi generoek parte hartu ahal izaten dute. Drop-knee (belauniko) kategorian ordea, orain artean ez da nesken kategoriarik izan, eta berrikuntzen artean, horixe da aurtengo sasoirako iragarri duten beste berrietako bat, alegia nesken drop-knee modalitatea izango da estreinakoz. APB zirkuituan izango den beste berrikuntza bat gaztetxoenei dagokiena izango da, izan ere, lehen aldiz Junior kategoriako munduko itzulia izango da. Iaz zenbait txapelketa egin zituzten gazteen kategorian proba moduan eta antolatzaileak gustura geratu ziren emaitzekin, horregatik azaldu zuten bide horretatik jarraitzeko asmoa. Alex Leonek iragarri moduan, «kontzeptu honek ongi funtzionatzen du eta kirol honen etorkizunerako garrantzi handikoa da gaztetxoenek lehiaketan parte hartzeko plataforma egokia sortzea». Ikusleak epaile Aurten ikusleei epaitzeko aukera emango dien beste zirkuitu bitxi bat ere martxan jarriko da lehen aldiz. Formatu berritzaile batekin, lehiaketa eredu zurrunak ematen ez dituen aukerak eskaini ditu txapelketa mota berri honek. Lehiakide onena nor den ikusleek erabakiko dute. «The Free Surf Bodyboard World Tour» izeneko itzulia martxan da. Ez da ohiko txapelketen eredua, parte hartzaileek leku eta data jakin batzuetan itsasoratu eta irudiak hartu beharko dituzte. Gero, irudi horiek argitaratu eta ikusleek bozkatu ahal izango dute. Lehiakideek besoko laranja bat eramango dute eta ahalik eta ariketa ikusgarrienak egiten saiatuko dira. Gero, irudi guztiak bildu ostean bideo formatuan argitaratuko dituzte eta hortik aurrera jarraitzaileen esku dago gustuko lehiakidearen alde bozkatzea. Bozkatu nahi duenak 4'99 dolar amerikar ordaindu beharko ditu. Boto gehien jasotzen dituen lehiakideak bildutako diruaren zati bat jasoko du, zehatzago, boto bakoitzeko bi dolar eskuratuko ditu. Beste bi dolar poltsa moduko bat osatzeko erabiliko dira. Diru horrekin «Happy Gilmore-Style» txekeak egingo dira, sari desberdinak banatzeko. Eta ikusle bakoitzak emango duen diruaren beste zatia, 0'99 dolar, administrazio kostuak ordaintzeko erabiliko da. Itzulia Ipar Amerika, Ozeano Barea, Australasia, Afrika, Europa eta Hego Amerikako urautsietatik pasatuko da, eta bertako lehiakideak ahalik eta irudi onenak biltzen saiatuko dira. Lehen txapelketak Europan izango dira eta bertan izango dira besteak beste Alex Uranga bezalako bodyboard zaleak. Zumaiarrak iaz sekulako urtea egin zuen, eta antza, aurten ere sasoian da. APB ZIRKUITOA. Guztira hamahiru txapelketa izango dira aurten, tartean Maldivak, Nazare eta Teahupooko txapelketak izango dira. Maila desberdinetako txapelketak izango dira, horrela izar gehiago duten txapelketetan puntu eta diru gehiago irabazi ahal izango dute lehiakideek.