2015 URT. 19 Aizkora | Urrezko lehiaketa Etxeberriak eta Olasagastik uste baino aiseago egin dute finalerdietarako bidea J.L. Joxemari Olasagasti eta Felix Etxeberria ziren Urrotzen jokatu zen kanporaketa irabazteko faboritoak, baina uste baino askoz ere errazago hartu zituzten mendean Donato eta Oihan Larretxea. Denek iraupen proban erabakiko zela uste zuten, baina ordurako garbi zegoen zeinek irabaziko zuen. Proba guztietan jaun eta jabe izan ziren. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta hor hasi ziren aldeak ateratzen, 40an ebaki baitzituzten, biren aldea kenduz Donatori eta Oihani. Bigarren saioan alde hori handitu egin zuten. 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta minutu eta lau segundoan bota zuten Olasagastik eta Etxeberriak, beste sei segundo sartuz. Hirugarren ekinaldian, kana-erdiko bat zutik jarrita izan zuten aurrean, eta hor gauzak estu joan ziren, baina berriro ere Etxeberria eta Olasagasti gailendu ziren, segundo bateko aldea kenduz. Ondoren, 60 ontzakoarekin jardun behar izan zuten, eta saioa hor erabaki zuten. 2.28 izan zen Etxeberriaren eta Olasagastiren denbora eta 3.52 Donatorena eta Oihanena. Enborra zutik eta etzanda jarritako lanean beste 48 segundo sartu zituzten irabazleek. Iraupen proban, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. 13.42 izan zen irabazleen denbora eta galtzaileena 14.33. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten Etxeberriak eta Olasagastik, eta 25 minutu eta 58 segundo Oihan eta Donato Larretxeak.