2015 URT. 26 Aizkora | Urrezko lehiaketa Rekondok eta Erasunek aurreikuspenak bete dituzte Bi aizkolari nafarrek finalerdietan aritzeko txartela lortu zuten atzo Iraetan. Jon LEUNDA Jon Rekondok eta Ander Erasunek aurreikuspenak bete zituzten eta Urrezko Aizkorako finalerdietan arituko dira. Horietan Julen Kañamaresen eta Arkaitz Jauregiren aurka neurtu beharko dute. Jende asko batu zen saioa ikustera. Gehienen ustetan, iraupen probak erabakiko zuen lehia, eta horrelaxe gertatu zen. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztea izan zen aurreneko lana, eta Rekondok eta Erasunek irabazi zuten. Enborra 37 kolpetan moztu zuten, aurkariei baten aldea aterata. Bigarrengoan, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. Larrañaga eta Saralegi gailendu ziren, lana 48 segundoan burutu, eta aurkariei hiru segundoko aldea aterata. Hirugarren lanean, zutikako kana-erdiko bat ebaki behar izan zuten. Hor alde handia lortu zuten Erasunek eta Rekondok. Minutu eta 37 segundoan bukatu zuten lana, eta hamahiru segundoko zuloa egin zuten. Laugarrengoan, 60 ontzako bat erdibitu behar izan zuten. Larrañaga eta Saralegi izan ziren onenak. 2.15eko denbora egin zuten, eta hamalau segundoko aldea lortu zuten. Azken-aurreko saioan, zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa izan zituzten aurrean, eta irabazleek 38 segundoko alde atera zuten. Iraupen proba, berriz, 14 minutu eta 25 segundoan bukatu zuten, eta aurkariek, 14 minutu eta 53 segundoan. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 45 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Erasunek, eta 23 minutu eta 48 segundo, Larrañagak eta Saralegik. Bigarren mailakoan, Mugertza III.ak eta Larrea III.ak irabazi zuten Zerainen. Zaldua eta Dorronsoro, bigarren izan ziren, eta Mindegia eta Etxeberria hirugarren postuan sailkatu ziren.