2015 URT. 26 Surfa Zirrara eragin du Ricardo dos Santosen heriotzak Pasa den astean tiroz hil zuten Ricardo dos Santos. Brasilgo surflari eta lehiakide profesionalaren heriotzak zirrara eragin du surf komunitatean. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Olatu handietan tuboak egiten munduko surflari onenetako bat izan arren, Ricardo dos Santos gertakari tamalgarri batek egin du ezagun azken egunotan. Guarda Do Embau Brasilgo kostalde zoragarrietako surflari gaztea tiroz hil zuten iragan astean. Bere ibilbide laburrean emaitza on eta garaipen andana pilatu zituen surflari brasildarrak, baina batez ere olatu borobiletan tuboak egiteko zuen gaitasunak nabarmentzen zuen. 2011. urtean bera izan zen Tahitiko txapelketa irabazi zuen lehiakidea. Heiarri Williams tahitiarra garaitu ostean eskuratu zuen Air Tahiti Nui Von Zipper Trials txapelketa. 2013ko martxoan sari garrantzitsu bat irabazi zuen. Neguko olatuaren saria jaso zuen, Pipelinen egindako tubo itzel bati esker. «Wave of the winter» sariarekin 25.000 dolar irabazi zituen. 2013ko abuztuan Tahitiko txapelketa batean izandako kalapita baten ostean egin zen ezaguna. Teahupoon egiten den munduko txapelketan parte hartu ahal izateko egiten den trials txapelketan Jaime O'Brian hawaiiarrarekin izandako gertakariak zeresana eman zuen. Antza, bi lehiakideek olatu bera hartu nahi zuten eta azkenean brasildarra nagusitu zen. Jaimek, haserre, muturreko bat eman eta ezpaina lehertu zion. Behin lehorrean, hawaiiarra barkamen eske gerturatu zitzaion Ricardori eta hor amaitu zen tirabira. Pasa den urtarrilaren 19an surf aldizkarietan agertu zen berriz ere Ricardo dos Santosen izena, baina oraingo honetan albiste tamalgarri bateko protagonista zen. Hasiera batean, hondartzan kokaina hartzen ari ziren morroi batzuei zerbait esan ostean tirokatu egin zutela esan zuten hedabideek. Bigarren bertsio baten arabera, bere aiton-amonen etxe atarian auto batean zeuden hiru gizon droga saltzen ari ziren eta Ricardo haiengana gerturatu zen egiten ari zirena beste leku batean egin zezaten eskatzera. Gidariaren eserlekuan zegoen gizonak, polizia erretiratu batek, ez zuen batere ondo hartu surflariak egin eskaria eta kalibre handiko pistola batekin erantzun zion. Tiroketaren ondorioz, bularraldean, urdailean eta sorbaldan bala zauriak zituen Ricardok eta oso egoera larrian eraman zuten ospitalera. Guztira lau ebakuntza egin zizkioten, eta ehun odol-poltsa inguru jarri zizkioten, baina zauriak biziki larriak ziren eta bi egunen buruan hil zen 24 urte baino ez zituen surflari profesionala. Albisteak zirrara handia eragin zuen surf munduan eta segituan hasi ziren bere jarraitzaile eta surf zaleak sare sozialetan brasildar gaztearen oroimenezko mezuak eta bideoak igortzen. Brasilgo zenbait surflari profesional berarekin izan ziren erietxean egin zituen azken orduetan eta beste zenbait surflari ezagunek ere doluminak adierazi zituzten webgune eta blogetan. Orain gutxi, honakoa idatzi zuen Ricardok gutun ireki batean: «Gaur, badirudi `zeru' zati hau bere xarma galtzen hasia dela. Jendeak ez du balioesten leku eder eta puru batean bizi dela. Tristura sentimendu handi batekin idazten dut hau, baina paradisua suntsitua izaten ari da».