2015 URT. 31 KOLABORAZIOA Leiho bat gutxiago Hemendik aurrera, leiho bat gutxiago izango du Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareak Euskal Herrian gertatzen denaren berri emateko. Orobat, euskal gizarteak ere bide bat gutxiago izango du horren berri izateko. Alabaina, sareko kideek egiten dutena elkarren artean zabaltzeko, nazioarteratzeko edo gizarteratzeko beharra ez da desagertu. Leire Cancio Orueta Elhuyar fundazioko zuzendari nagusia Egun hauetan plazaratu dugu Basque Research webgunearen azken egunaren inguruko albistea. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri eman du Basque Researchek 12 urtez, eta osasuntsu hil zaigu, 5.000 albiste baino gehiago argitaratuta, eta 1.000 harpidedunetik gorako sarea eraikita. 2002an jaio zen Basque Research, Elhuyarren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistemak izandako hazkundearen bezperan jaio zen, sistema haren egiturari zerbitzua emateko asmoz. Sorreratik, hiru izan dira egitasmoaren ildo nagusiak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistema bera, euskal gizartea eta nazioarteratzea. Euskal ikerketaren sistema asko aldatu da 2002tik hona. Urte hauetan, eragile gehiago batu zaizkio sistemari ( CiCak eta BERCak, esate baterako), eta beste zenbait zentro elkartu dira (Tecnaliaren fusioa, IK4 taldea...). Haietaz gain, gure enpresa eta erakundeek ikertzen eta garatzen jarraitu dute, noski, ikasleek tesiak egiten jarraitu dute, enpresa berriak garatu dira... Eta horien guztien berri eman du Basque Researchek. Bestalde, Zientzia eta Teknologia sistemaz gain, gizarteak garrantzi berezia izan du Basque Researchen egitekoan. Hala, proiektuaren ezaugarri funtsezkoetako bat izan da, hasiera-hasieratik, euskal gizarteari azaltzea zer egiten duten Euskal Herriko ikerketa-eragile eta zentroek. Nahitaezkoa da hori "ez dugu batere zalantzarik" ikerketa, garapen eta berrikuntzaren inbertsioa nola erabiltzen den dakien gizarte heldu eta kritiko bat osatu nahi baldin badugu. Era berean, ezinbestekoa da punta-puntako ikerketa eta garapena gure inguruan kokatzea eta hemengo protagonistei aurpegia jartzea. Horretarako, komunikabide eta kazetarien laguntza bilatu du beti Basque Researchek, eta ahalegin handia egin du webgunean argitaratu diren albisteak jaso eta zabaltzeko sarea eraikitzen laguntzeko. Basque Research erreferentziazko plataforma da Espainian, eta aktiboki lan egin zuen egun FECYTek (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología) sustatzen duen SINC plataforma sortzen laguntzeko. SINCek, Basque Researchek bezala, Espainian eta mundu osoan egiten den ikerketaren berri ematen du. Hirugarren hanka nazioarteratzea dugu. Euskal Herrian bertan lan egiteaz gain, argi eta garbi ikusi zen hasieratik euskal ikerketa munduan kokatzeko ahalegina egin behar zela. Hala, euskal ikerketarekin loturiko hainbat eta hainbat albiste zabaldu ditu Basque Researchek, erreferentziazko zenbait webguneren bidez: Alphagalileo, Eurekalert, CordisWire, SINC, Innovations-report... Horrez gainera, Basque Research Alphagalileo fundazioko partaide izan da, zeinak Europan egiten den ikerketaren berri ematen baitu. Gaur egun, beren ikerketa Europan zabaldu nahi duten enpresa eta erakundeei eta egunean egon nahi duten komunikabideei zerbitzua ematen die Alphagalileok. Milaka albiste eta ekitaldi argitaratu ditu hamabi urte hauetan Basque Researchek: 5.000 albistetik eta beste hainbeste ekitalditik gora. Egunero, batez beste, albiste bat eta ekitaldi bat baino gehiago. Bestalde, 1.100 harpidedun ditu Basque Researchen asteroko albiste-buletinak. Esan dezakegu, beraz, hamabi urte hauetan euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistemako osagarri egonkorra izan dela Basque Research. Elhuyarrekin batera, hainbat erakunde izan ditugu bidelagun: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioa. Beste hainbatek bezala, krisi askotarikoei eta enbatei aurre egiten saiatu da azken urteetan Basque Research: ikerketarako finantziazio iturrien beherakada (SAIOTEK deialdia bertan behera uztea, esaterako), komunikabideen finantziazio eredua... Baina bizirik irauteko helduleku nahikorik ez eta, agur esan behar izan du. Paradoxak paradoxa, Euskal Herriaren irudia nazioartean zabaldu nahi duen Basque Country markaren estrategiaren garaian egin digu agur Basque Researchek. Ezagutu berri dugu Eusko Jaurlaritzak landu duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2020 plan berria (PCTI2020). Hiru lehentasun markatu ditu plan horrek: fabrikazio aurreratua; biozientziak eta osasuna; eta energia (eta, haiekin batera, hainbat lurralde-aukera). Ez du aipatzen zientziak, teknologiak eta berrikuntzak gizartearekin izan beharreko harremana, eta elkarrizketari ez zaio lehentasuna ematen plan berrian. Eta horrek bazter uzten ditu Basque Research eta beste zenbait ekimen. Europako Batzordeak bikaintasunezko zientzia, lidergo industriala eta gizarte-erronkak markatu ditu lehentasun gisa Horizon2020 ikerketa markoan. Lehentasun horietaz gain, eta PCTI2020 planean ez bezala, badaude arlo horizontal batzuk, gizartea jomuga dutenak: esaterako, zientzia gizartearekin egiteko eta gizarteratzeko programa eta bikaintasuna zabaltzeko eta parte hartzea areagotzeko programa. Hemendik aurrera, leiho bat gutxiago izango du Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareak Euskal Herrian gertatzen denaren berri emateko. Orobat, euskal gizarteak ere bide bat gutxiago izango du horren berri izateko. Alabaina, sareko kideek egiten dutena elkarren artean zabaltzeko, nazioarteratzeko edo gizarteratzeko beharra ez da desagertu. Beharko dugu, beraz, hori egiteko bideak asmatu, eta baliabideak jarri.