GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Aitor ZUBIETA
Asegarce-ko atzelaria

«Enpresaz aldatuta ere, betiko egunerokoarekin jarraitu nahi izan dut»

Etxarriko pilota eskolako gazteen entrenamendua zuzentzen amaituta hartu zuen atzelariak GARAren deia. Astean behin tokatzen zaio etorkizuneko izarren saioak gainbegiratzea eta oso gustura aritzen da lan horietan. Binakakoan ere, esperientzia berriak bizitzea egokitu bazaio ere, eskuko minak ahaztuta, gustura ari da Asegarcen eta Pablo Berasaluzerekin batera.


Sakanako pilotariak sasoiko daude. Zabaleta eta Ezkurdia orain arteko bi atzelari onenak izaten ari dira, eta ostiralean elkarren aurka arituko dira Urdulizen.

Lehenengo itzulia amaituta, zuen balantzeak baikorra behar du izan, ala?

Puntuei begiratuta, batzuk lortu ditugu eta ezin gara kexatu. Taularen goiko aldean gaude bigarren itzulia hasteko garai honetan, eta gutxienez bosgarren postuarekiko errentatxo bat ere atera dugu, ea hurrengo jardunaldietan mantentzen jarraitzen dugun eta lehen helburua, finalerdietan sartzea, lortzeko modurik dugun.

Gainera, Pablorekin batera oso gutxi jokatutakoa zinen, ondo moldatu zaretela ematen du...

Bai, aurretik jokatu genuenean, partida askorik ere ez, enpresa desberdinetakok izanda, gustura aritutakoak ginen. Txapelketan hasiera-hasieratik ondo hartu dugu elkar eta pixkanaka-pixkanaka ea gorantz egiten jarraitzen dugun.

Elkar ezagutzak gora egin duen heinean, garapenik izan da txapelketa hasi zenetik?

Bai, pixkanaka-pixkanaka elkar gehiago ezagutuz joan gara, bere jokora moldatzen ari naiz eta bera ere bai, ikusten ari da nirera nola molda daitekeen, eta hor nabaritzen da aldea. Azkenean, elkarrekin jokatzera ohituta ez bazaude, beti egoten da trantsizio hori.

Maila pertsonalean, oso maila ona ematen ari zara...

Egia esanda, hilabete asko daramatzat oso gustura jokatzen. Iazko eskuetako arazo larri horien ondoren, errekuperatu nintzenetik, oso gustura ari naiz, ekain edo uztailetik hasita oso partida onak eginez nabil, nahikoa erregular eta alde horretatik ezin dut kexatu. Txapelketa honetan, hasi aurretik uste dut txispa zerbait gehiagorekin nengoela, baina txapelketan zehar ari naiz berriro hartzen eta oso eroso sentitzen naiz.

Partida luze xamarrak jokatuta aukeran?

Hala tokatzen ari da, partidak asko ari zaizkigu luzatzen. Pixkanaka Pablo hobeto aurkitzen ari da, tantoa amaitzerako garaian konfiantza hartzen ari da, denbora asko geldirik egon ondoren eta horren erruz partidak luzatu dira. Baina iruditzen zait Pablo ere konfiantza hartzen ari den heinean, ea partidek gure aldera erortzen jarraitzen duten eta luzeak izaten badira, puntua guretzat den bitartean, berdin izango dio.

Eskuetatik asko sufritutakoa zara; aurten, ordea, horrenbeste pilotari arazoekin dabilen garai honetan, zuk ez duzu ezer...

Egia esan, ez dut halakorik entzun ere egin nahi. Iazkoa oso txapelketa gogorra izan nuen, nahiz eta Xalarekin finalean sartzeko aukerak izan nituen, lehen egunetik eskuetako arazoekin jokatu nuen eta oso gogorra egin zitzaidan eta ondoren asko kosta zitzaidan errekuperatzea. Aurten, ez dakit, eskuak asko zaintzen ari naiz, oraingoz errespetatzen naute eta hala jarrai dezatela.

Sekreturik baduzu?

Hori boladak izaten dira. Batzuetan pilotakada bat sartzen zaizu, partida aurrera doan heinean gehiagora joaten da, eta, hotz eta eguraldi hauekin, ez da erraza izaten errekuperatzea. Alde horretatik, hori saihestu behar da, ahalik eta gehien zaindu, takoak jartzerakoan ere kontu handia izan eta ea horrela jarraitzen duen.

Sekula baino arazo gehiago izaten ari dira aurten?

Izan daiteke, baina hori azkenean boladak izaten dira. Denok dakigu neguan eskua izorratzen denean, oso zaila izaten dela errekuperatzea. Eskuetako odol jarioa ez da berdina, behatzetan hotza egoten da, nire kasuan behintzat, eta data hauetan eskua minduz gero, oso gogorra izaten da errekuperatzeko.

Enpresa aldaketak izan du eraginik zure egunerokoan?

Ez, ez. Hori bai oso ongi hitz egin genuela. Aldaketa egiterako orduan oso argi utzi nien nire entrenatzaileak ditudala, nire errutina urte askotakoa dela, oso gustura sentitzen nintzela. Enpresaz aldatuta ere, betiko egunerokoarekin jarraitu nahi izan dut eta alde horretatik Asegarceren aldetik ez zen arazorik egon, guztiz kontrakoa.

Non edo norekin aritzen zara?

Urte asko dira nire prestaketa hemen egiten dudala, nire entrenatzaileak ditut, fisikoa bakarka egiten dut eta frontoian ere nire entrenatzailearekin aritzen naiz. Alde horretatik zortea dut, bi pertsona nire gainean egoten dira astean zehar eta eguneroko entrenamenduak planifikatzen ditugu.

Nola moldatzen zara Pablorekin?

Aukeraketetan beti saiatzen gara pika bat egiten, elkarrekin gero eta hobeto hartzen frontoian eta gauza horiek guztiak kontuan hartzen ditugu. Telefonoz ere hitz egiten dugu.

Sakanakoak sasoian zaudete...

[Barre egiten du] Badirudi Sakanakoak bakarrik Joseba eta Zabaleta direla... Ni ere Sakanakoa naiz... Kasu honetan uste dut hirurak oso maila onean aurkitzen garela eta ea txapelketan zehar hala jarraitzen dugun.

Ostiralean elkarren aurka arituko zarete Urdulizen...

Ea nor gailentzen den. Oso bikote indartsua dira, aurreko bueltan partida gogorra izan zen Etxabarrin, eta azkenean eurek irabazi zuten, baina, uste dut, gehienbat gure akats batzuek eman zietela garaipena, nire huts tonto pare bat eta Pablok asmatu ez zuen gantxoren batekin. Ea kontrakoa gertatzen den.