2015 OTS. 07 sokatira Euskal Herriko Txapelketa Aian erabakiko dira 640ko eta 405eko txapelak Talde asko daude garaipena lortzeko faboritoen zerrendan, eta goi mailako tiraldiak ikustea espero da. Jon LEUNDA 640ko eta 405eko mailetan lehiari amaiera emango diote gaur Aiako pilotalekuan, 17.00etan. Lehenengo mailan, mutilak arituko dira eta finala izango da; eta bestean, neskak izango dira nor baino nor, eta ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko dute. Mutiletan aurreko bi asteburuetan jokatu dute ligaxka, eta hango sei talderik onenak izango dira gaurko finalean. Hasiera batean, zortzi taldek hartu behar zuten parte maila honetan, baina 6 Conceyos aritu ez denez, Abadiño B bakarrik izan da finaletik kanpo geratu dena. Abadiño A, Ñapurrak, Ibarra, Sokarrola, Murueta eta Zuraide izango dira nor baino nor. Lehen fasean bi multzo egingo dira, eta multzo bakoitzean ligaxka eran jokatuko dute. Ondoren, bakoitzeko postuaren arabera neurtuko dira. Horrela, multzo bakoitzeko onenek elkarren aurka aritu beharko dute, eta txapela izango dute lehian. Bigarrenek hirugarren posturako borrokatu beharko dute, horrela sailkapena osatzeko. Orain arteko postuak kontuan hartuta, Ñapurrak eta Abadiño izango dira multzo buru. Orain arteko bi saioetan ere bakoitzak bana irabazi du, eta lehia polita espero da. Horrela, orain arteko bi onenek azkenera arte ez dute lehiatu beharrik izango. Garbi dago biak direla faborito nagusiak, baina Ibarra ere ez da ahaztu behar, eta ezusteren bat emateko prest agertuko da Aiako pilotalekuan. Orain arte 680ko finala bakarrik jokatu da, eta hura Abadiñok irabazi zuen. Neskak Nesketan 405eko azkeneko saioa jokatuko da. Hiru talde bakarrik lehiatu dira, eta liga eran izan da lehiaketa osoa. Eta emozio handiarekin iritsi dira amaierara, txapela oraindik erabakitzeko baitago. Oraingoz garbi dagoen gauza bakarra azken postua da, Badaiotzek ezingo baitu txapelik jantzi, eta hortxe geratu beharko du, nahiz eta gaurko saioa irabazi. Aurreko bietan azkena geratu da, eta gaur irabazita ere, bost puntu pilatuko lituzke, eta beste bi taldeek, berriz, puntu kopuru hori gainditu egingo dute. Ibarraren eta Gaztediren artean egongo da txapela. Lehen jardunaldian Gaztedik irabazi zuen, eta bigarrengoa, berriz, Ibarrak, eta biak bost punturekin berdinduta iritsiko dira azkeneko jardunaldira. Gaur garaipena lortzen duenak irabaziko du. Saioan zehar berdinduta geratzen badira, kitarakoa jokatu beharko dute, gaurkoan ezingo baita berdinketarik izan, txapela baitago jokoan. Bi taldeak oso maila handikoak dira eta garbi dago bien artean ez dagoela alderik, eta hutsik txikienak erabakiko duela azkeneko jardunaldia.