2015 OTS. 16 Iraupen-eskia | 135 eskiatzaile «Donostia Saria», eski nordikoko lasterketa herrikoi bakarra Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako lasterketa otsailaren 8an jokatu zen Somporten. Hitzorduarekin bat egin zuten 135 eskiatzailek. Lehiakideak 16, 10, 3 eta 1'5 kilometroko ibilbideetan aritu ziren. Elkarteko 28 boluntariok proba prestatzen jardun zuten. Andoni ARABAOLAZA Beti esan dugu eta ez gara nekatuko esaten: Donostiako Club Vasco de Camping Elkartea berezia da oso. Eta mendi elkarte horrek urtean antolatzen dituen makina bat ekimeni begiratu besterik ez dago. Azkena, otsailaren 8an, Somporten, iraupen-eskiko Donostia Sariaren bederatzigarren ekitaldia. Ohi den legez, elkarteko eski sailaren eskutik iritsi zen, eta, beste behin, hitzordu hori aurrera atera ahal izateko boluntarioen lana ezinbestekoa izan zen. Aurtengo edizioan, 28 bazkide pronto egon ziren antolaketa lanetarako. Eta aitortu behar zaie eginiko lana bikaina baino bikainagoa izan zela. Eski nordikoko hitzordu horren kronika hasi aurretik, gogoratu behar dugu Euskadiko Negu Kiroletako Federazioaren egutegian dauden lasterketa guztietatik izaera herrikoia duen bakarra Donostia Saria dela. Eta, jakina, eite hori txalotzeko modukoa da; izan ere, donostiarrek eliteko eskiatzaileei zein amateurrei lehiatzeko aukera ematen diete. Aurreratu dugunez, Somport izan zen lehia eremua, eta hango ibilbide ezberdinetan 135 eskiatzaile lehiatu ziren. Hilaren 8an jokatu zen, baina antolatzaileek GARAri adierazi diotenez, beldur ziren lasterketa ez ote zen bertan behera geratuko: «Aste horretan zalantzak izan genituen, aurreko elurteen ondorioz errepideak eta Somporteko gunea itxita egon baitziren. Hain zuzen, proba jokatu baino hiru egun lehenago arte. Zorionez, igande horretan lasterketa inolako arazorik gabe jokatu zen. Gainera, ohiko zirkuitu osoa erabiltzeko aukera izan genuen. Adibide gisa, 16 kilometroko ibilbidea bere horretan mantendu zen». Lehia ederrak Lehiatzeko baldintzak oso onak izan ziren. Nahiz eta haizeak tontorrak ondo astindu, Somporten bare zegoen. Proba ikusteko hotza egin zuen (-7°), baina lasterketan jarduteko ondo. Lanbroa ere agertu zen, baina arazorik ez zuen eragin. Elurra eta haren arrastoa ezin hobeak... Eta Somporteko langileek eginiko lana ere primerakoa. Beste ekitaldi batzuekin alderatuta, parte-hartzaileen kopurua txikiagoa izan zen; besteak beste, lehia egun horretan beste proba ofizial batzuk jokatu zirelako. Rojo anaiak, Josu Erkizia, Maialen Lopez, Ane Gorostegi... ez ziren Donostia Sarian egon. Pena handia, baina eite horrek ez zuen proba ilundu. 16 kilometroko ibilbidean Manu Oliveros eta Berta Perez gailendu ziren. 10 kilometrokoan irabazleak: Jone Saez eta Imanol Ciriza. 3 kilometrokoan: Iker Fortes eta Iranzu Gelbenzu. Eta 1'5eko ibilbidean: Jurgi Irureta eta Berenize Lavin. Urtero bezala, CVCEko bazkideen lehia ere izan zen. Irabazleak honakoak izan ziren: Beñat Irizar eta Itziar Esteban (16 km), Zaloa Alvarez eta Jokin Sarasola (10 km), Aitor Puy (3 km) eta Asier Puy (1'5 km). Antolatzaileek lehiaren balorazio oso ona egin dute, baita aurreratu ere, datorren urtekoari begira (10. edizioan), ezustekoren bat prestatzen ari direla. Adi, beraz!