2015 OTS. 16 GUTUNAK Jantzita Juan Luis Mugertza Idazlea Badaude hitz batzuk testuinguruaren arabera adiera desberdina dutenak. Esate baterako, urlia jantzita dagoela esaten badugu, irakurtzen duen horrek ezin du jakin zehatz-mehatz zer esan nahi duen esaldiak, baina esaten badugu umea jantzita dagoela, adinak mugatu egiten du ezkutuko aukera. Literaturan ere oso ohikoak dira tankera horretako baliabideak, eta oso efektu polita egiten dute. Halarik ere, ez dakit, bada, gizarte honetan literaturarako tarte handirik dugun. Jantzitako jendea ez omen dago modan; aukeran, biluzik nahi gaituzte, mediokre. Dena den, lasai, maiatza bitartean aukera emango digute neurrira janzteko, taila aukeratzeko. Orain arte klasikoa jantzi duzula, eta orain bestelako kolorea nahi duzula, «Ahal dugu» estiloak modernoago egingo zaitu, baina ez jantziago.