2015 OTS. 19 KOLABORAZIOA «Bidasoan elkarbizitza» jardunaldien inguruan «Xistor» eta beste ehunka lagun atxilotu zituzteneko testuingurua guztiz desberdina da egun. Ipar Euskal Herriko indar politiko eta sozial gehien-gehienak ados dira gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko bideari heldu beharra dagoela. Beñat Alzaga Irungo Sorturen izenean Antxeta Irratiak «Bidasoan elkarbizitza» jardunaldiak antolatzeko zuen asmoaren berri izan zuenean, pozarren hartu zuen Sortuk. Bidasoaldean gatazka politikoak irekitako zauriak sakonak eta itxigabeak baitira. Horregatik, eragile politiko eta sozial orok balio handia eman behar diegu Antxeta Irratiak egindako saio terapeutikoei. Elkar ezagutu, elkar entzun eta denon artean adostasunetara iristeko jardunaldiak. Hiritar guztiok eroso egongo garen espazio inklusiboak sortzea ezinbestekotzat dugu. Lehen bi saioetan testigu izan ostean, txalotu besterik ezin dugu egin irrati komunitario honen lana eta ekarpena. Eskualde berezi honen behar informatiboak asetzeaz gain, herritarrok desiratzen dugun elkarbizitzari bide ematen dioten espazioak irekitzeagatik. Gatazka lehen pertsonan bizi eta bereziki sufritu duten guztiei hitza eman die Antxetak, jendarteak haien hausnarketak entzuteko eta galderak egiteko bidea emanez gainera. Hondarribiko Itsas Etxean eta Hendaiako Antoine d'Abbadien eseri eta euren bizipena gurekin partekatu zuten guztiei gure esker ona luzatu nahi diegu. Mila esker, bihotz-bihotzez erakutsitako ausardiagatik. Elkarrekin eseri, hitz egin eta bereziki elkar entzutegatik. Bereziki, lehen saioan Cristina Sagarzazuk, Belen Zabalak, Jose Miguel Gomezek eta Fermin Urtizbereak azaldutako hitz eta ideia sakonak eta bigarrenean, Miren Ilarretak, Juanra Rojok, Jokin Etxeberriak eta Joserra Trebiñok mundu ilun eta ezkutuak argitzeagatik. Gatazkaren bi aldeek sufritu dugula gauza jakina da, baita alde batean zein bestean kokatzen ez diren herritarrek ere. Samina orotara zabaldu da, eta hori jakitea ondo da, baina zuei entzutea ezinbestekoa. Tripetan korapiloa eragin ziguten zuen testigantzek eta oraindik ere buruan bueltaka ditugu zenbait adierazpen. Ilusioz bete ziguna baina, zuen larruan jasandako gatazkari atea itxi eta elkarbizitzarako erakutsitako gogoa izan da. Modu eredugarrian gainera. Egin beharreko bidea norabide horretan dago. Zuek erakutsitakoari eusten diogu eta norabide horretan laguntzeko gure prestutasun osoa erakutsi nahi dugu. Zuek egin bezala, elkarrekin eseri eta elkarri entzunez jendarte ederrago baterako akordioak lehenesteko bokazio osoarekin. Orain arte alderdi politikook egin ez duguna, zuek merezi duzuelako, denok irabazle izango garelako.