2015 OTS. 21 Harri-jasotzea Bost kirolari hiru harrirekin arituko dira nor baino nor Aian jokatuko den torneoan J.L. Harri-jasotzeko torneoa jokatuko da Aiako pilotalekuan, bihar, 17.00etan. Hiru harri ezberdin ibili beharko ditu harri-jasotzaile bakoitzak, eta guztira bost kirolari arituko dira txapela lortzeko asmoarekin. Iñigo Eizagirre, Jagoba Otaegi, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Josetxo Urrutia izango dira lanean arituko diren harri-jasotzaileak. Bakoitzak, 75 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko zilindro zaharra eta 125 kiloko zilindro kopa erabiliko ditu. Bi harri txikiak antolakuntzak jarriko ditu, eta handiena, berriz, kirolari bakoitzak berea eraman beharko du. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izango dituzte. kilorik gehien jasotzen dituenak eramango du garaipena. Berrikuntza Txapelketa honetako berrikuntzarik nabarmenetakoa 75 kiloko harria izango da, ez baita ohikoa gaur egun mutilen lehiaketetan horrelako harriak ikustea, eta hori bera ere berezia izango da ikusleentzat. Faboritoen zerrendan Urruzuno izango da nagusia. Bizkaiko txapelduna da bera, eta bihar lehiatzera joango direnen artean ezagunena ere bai, asko gazteak izango baitira. Gauzak ongi egiten baldin baditu, ez da erraza izango bera menderatzea. Harriak, ordea, ez dira astunak, eta horrek denei ere ateak zabalduko dizkie eta ezusterako tartea ere asko zabalduko da. Josetxo Urrutia bera ere eskarmentu handia duen harri-jasotzailea da, eta hura ere saiatuko da lan ona egin, eta denen aurretik guztia amaitzen.