2015 OTS. 21 Helduen literatura | Soldaduaren itzulera Lau pareten arteko gerrak Danele Sarriugarte Literatura Unibertsala bildumaren azken fruituetako bat da gaur hizpide hartuko dudan liburua, «Soldaduaren itzulera» (Rebecca West/Maialen Berasategi), hain zuzen, Eizie-k munduko literatura sustatzeko duela hogei urte pasa martxan jarritako proiektuaren 163. alea baitugu hauxe. Westen obra honek, gainera, bete-betean egiten du bat elkarteak bere buruari, bildumaren 3. aroan, jarritako erronketako batzuekin, liburua klasiko garaikide bat delako. Emakume batek idatzia da, hortaz, kanona zertxobait zabaltzeko helburuari ere egiten dio jaramon. Nobelaren trama, labur: 1918. Lau pertsonaia harrapatzen ditu, Chris soldadua, haren emazte Kitty, haren lehengusu Jenny eta haren gaztaroko maitale Margaret. Frontean dago Chris, eta Baldry Court etxalde luxuzkoan ditu zain Kitty eta Jenny. Baina kontuak konplikatu egiten dira, egun batez, senitartekoek jakiten dutenean, istripuren baten ondorioz, Chrisek memoria galdu duela, eta 15 urte lehenagoko sasoian bizi dela uste duela. Ez du gogoratzen ezkondua dagoenik; aitzitik, 20 urterekin maite zuen emakumea maite duela uste du: Margaret. Jennyren ahotsean datorkigu kontakizuna. Abiapuntu horri tiraka hainbat gai aletzen ditu autoreak. Hasteko, nabarmena da esparru pribatuaren eta publikoaren arteko amildegia. XX. mende hasieran, tradizionalki esleitu zaien esparrura zurrun lotuta agertzen zaizkigu pertsonaiak: emakumeak etxean eta gizonak gerran. Etxe giroko gerrak dira, hala ere, eleberrian nagusi; gerra publiko handiek sutondoetan eragindako kalenturak. Gogora ekarri dit, alde horretatik, eta gaur eguneko euskarazko literaturarekiko lotura posibleak azaleratu nahian, Lander Garrok argitaratu berri duen «Gerra txikia» eleberria (haria: haur batek nola bizi dituen ihesa eta GALen denborak), eta horri hasiera emateko hautatutako aipua: «Izan ere, tristea duk gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik» (Eider Rodriguez). Gerrak, ordea, gerta daitezke norbere barruan ere. Klase sozialen arteko talkak eta horiei, beraien gotorrean, men egin beharrak barne borroka ugari eragiten ditu: klase oneko gizon batek uko egin behar dio bere gaztaroko ametsei, aitaren hitzari amore eman, eta komeni zaizkion erabakiak hartu, behar den moduan ziurtatzeko etxearen izen ona eta familiaren mantenu oparoa (maskulinitatearen eraikuntza, hortxe). Gaur-gurera etorrita, gaztaroko ametsak bazter uzteaz eta horren aurreko bestelako erreakzio batez dihardu Itxaso Araqueren «Damutzen ez direnak» lanak. Itxurakeriaren mundua ere bada baldrytarrena. Liburuak planteatzen dituen biko oposatuetako bat baita eder axalekoaren (jantzi distirantak) eta eder mamikoaren (Margaret eta Chrisen amodioa) artekoa. Dikotomia hori gauzatzen da gizakiak esku hartutako naturaren eta natura basaren arteko konparazioan, gorputz eta arimaren alderaketan, eta baita emakume ereduen bereiztean ere. Jennyk, une batean, parez pare ipintzen ditu portzelanazko figura baten axalekotasuna (Kitty gogoan) eta hezur-haragizko Margareten sakona, bigarrena «benetakoagotzat» joz. Westek hori guztia helarazten du narratzailearen ñabardurarako abileziaren bitartez, hitz eta keinuen zama sinbolikoak azaleraratzearen bitartez, botere-harreman adierazleak etengabe agerraraziz. Naturaren deskribapenak ere, hasiera batean atzera eman dezaketen arren, lagungarri dira pertsonaien ikuspegia ulertzeko (adibidez, natura kontrolatu beharraz mintzo direnean). LU bildumako azalak barrokoegiak gerta daitezke, baina, dudarik gabe, itzultzaileen esleipenak ez du tatxarik. Azpimarratzekoa Maialen Berasategi Catalanen lana, ezinago dotore eta samur eman baititu aise korapilatzeko modukoak behar zuten deskribapen luze eta xeheak. Lehen literatur itzulpena du, eta zenbaitek idazle hasiberriak gertutik segitu nola, hala fitxatu dut nik itzultzaile honen izena, hemendik aurrera eman dezakeenaren esperoan.