GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Lezertua, aukera erratua


Marka da!, Euskadirako Ararteko berria hitzartu berri dute EAJk, PSEk eta PPk. Orain arteko Lamarkak ezin zuen segitu karguan hamar urte bete dituelako eta bere ordezkoa, abertzaleekin adostu beharrean, espainiar «sukurtsalekin» hitzartu dute jeltzaleek.

Ezer berririk ez, bada. Aitzitik, zaharrak berri, berriro ere.

Prozeduraz gain, ordea, badago, egon, hautatutako pertsonari kasu egin beharra. Izan ere, aukeratu nahi duten ustezko herri defendatzaileak «giza eskubideen alde» jotzeagatik alderdi politikoen debekua defendatu izan du publikoki gure aldean eta Turkian.

Euskal Herriko Unibertsitatean «Giza eskubideak, Hezkuntza eta Gizarte Politika» izeneko ikasgaiaren irakaslea nauzue eta, ondorioz, giza eskubideen jatorriaz, historiaz eta ulertzeko moduez eman behar izaten ditut dagozkidan eskolak. Beraz, jakin badakit aipatu eskubideak, oinarrian, duintasunaren eta gizakien arteko berdintasunaren aitortza besterik ez direla eta, beren garapenerako, gizarte hitzarmena bezainbeste bermeak behar dituztela.

Hau da, Ziro Handiak Babiloniako esklaboak askatu zituenean (K. a. 539. urtean), gizakien arteko simetria aldarrikatu nahi izan zuen eta, demagun, Ingalaterran «eskubidearen eskaera» egin zutenean (1628an), Erregearen botereari mugak ezarri zizkioten, gizaki guztiak, berez, berdinak izan behar zirelako.

Era bertsuan, hala J. J. Rousseauk (1757an) nola Th. Jeffersonek berak (1776an) gizaki orori dagozkion duintasuna nahiz berdintasuna defendatzeko «erreboltarako» eta «iraultzarako» eskubidea ezagutarazi nahi izan zuten. Horretan guztian hartzen dute oinarri giza eskubideek. Beraz, gizakien arteko ezberdintasun egoeren aurka matxinatzeko eskubiderik izan ez balitz, ezin izango genuke giza eskubideez ezer esan eta giza duintasunik ere ez zen egongo.

Horretaz jakitun 1948an, Bigarren Mundu Gerratea amaitu ondoren, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari ekin zion Eleanor Roosvelt buru zuen nazioarteko legegile talde batek. Eta jakina denez, bai Cassin baionesak (Bakearen Nobel sariduna) baita Hessel idazleak ere («Haserre zaitez!») berebiziko parte-hartzea izan zuten dokumentuaren idazkuntzan.

Dokumentu osoak du garrantzia, zerrendatzen diren artikulu denak banaezinak eta lotuak direlako baina, zalantzarik gabe, idazkiaren funtsa hitzaurrean dago, non adierazitako ekimenerako arrazoia azaltzen zaigun. Hona hemen: «Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizakia tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin» (http://www.jusap. ejgv.euskadi.eus/).

Argi geratzen da, bada, bizikidetza arautzeko mendebaldarra bezain europarra den sistemaren argudioa «zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den baliabidea» (recours, recourse, jatorrizko idazkuntzetan) ekiditea izan zela, aipatu aukera horrek, matxinatzeko eskubidearena, alegia, aparteko garrantzia baitu eta berau gabe Giza Eskubideen Aldarrikapenak berak zentzurik edukiko ez lukeelako.

Baina gizarte demokratiko batean nola defenda daiteke gizakia zapalkuntzaren kontra alderdi politikorik gabe? Jakina da demokrazia batean alderdi politikoek soilik ez dutela gizakien aldeko babesa bermatzen, baina haiek debekaturik, zein da irtenbidea?

Giza eskubideen defentsan, nonbait, Herri Batasunaren ilegalizazioa babestu zuen jurista Ararteko izango dugu Euskadi honetan hemendik aurrera nahiz eta, aukeran, beste baliabideak egon...

Ene aburuz, aukera erratua...