2015 OTS. 23 KOLABORAZIOA Sukalde lanak Hautabide demokratiko bat landu beharrean gaude, herri honentzako estatus politiko eta burujabetza maila berri baten aukera erreala. Euskal demokraziari leihoa irekitzeko balioko duena Josu Iraeta Idazlea Duela berrogei urte, euskaldunok egoera berri baten atarian ikusten genuen etorkizuna. Franco hil berria eta aldaketak sumatzen genituen nonahi. Eta nahiz ezberdintasun politikoak agerian izan eta berehala agertu, elkartasun giroa zen nagusi. Lau urte besterik ez eta 1979an, Nafarroako eta EAEko autonomia estatutuak indarrean zeuden. Hain ibilbide latz eta luzeari irtenbideak ikusten hasi ginen eta askatasunaren taupadak zoratzen gintuen. Hura bai egoera polita. Berrogei urte joan dira eta balantzea egiteko ordua iritsi zaigu. Beti bezain zintzo, inoren burua engainatu gabe. Izan ere, gure azken helburuak eskuratu ez baditugu ere, balantzea egiteko aukerak izan badaude. Egia aurrez aurre, ez dira sumatzen arrazoi handirik sobera harro egoteko, baina ez dut geure burua ezkor ikusten. Berrogei urte asko izan dira, baina ez alferrikakoak. Horregatik, eta batez ere, bidean galdutakoei errespetuaz, hainbat borroka, ekimen eta sufrimendu, ezin ditugu bazterrean utzi eta aurrera jo. Hauek eskaintzen diguten irakaspenei heldu beharrean gaude, aurre egin nahi badugu. Gaur egun pairatzen ari garen krisi ekonomikoak alor guztiak kutsatzen ditu, ez dago ihes egiterik, planeta osoan ia jarrera bakarra da, ekonomiaren egoera latz eta arriskutsua. Baina gutxik lotzen dute gaurko egoera larria nagusi den politika neoliberalarekin. Horregatik, sistemaren sustatzaileek, nahiz begi bistakoa izan, ez dute zalantzan jartzen eta bakar batzuen ustelkeriari leporatzen diete errua. Baina ez da berria eta berriro errepikatuko da. Hori frogatzeko aski da egia dela esatea, mundu zabalean, baita Euskal Herrian ere, kapitalismoak duela lau hamarkada arte etengabeko hazkunde garai bat bizi izan zuela. Baina jakina denez -nahiz ukatua izan-, sistema honek, behin eta berriro irakasten digun bezala, krisiaren hazia bere baitan darama, eta goiz edo berandu, krisia sortzen da, nahitaez. Beraz, ez da kasualitatea, edo bidegabekeria erraldoien emaitza gaurko egoera. Arrazoi nagusia krisia kapitalismoaren semerik kuttunena izatean datza. Zergatik? Etekin tasa igotzeko beharrezkoa duelako. Honek, -orain esandakoak- ekonomia eta politikaren osagarritasuna agerian jartzeaz gain, Euskal Herrian bizi dugun egoera ulertzeko bidea ematen digu. Lehen aipaturiko berrogei urte luze hauetan, ezker abertzalearen izateak berak, eta bere jokabide luzeak, etengabe jarri du kolokan EAJren itxura abertzalea eta agerian bere ekinbide espainiarzalea. Gazteek ez dute orduko berririk, baina bai beste askok, 1978ko urrian «Uso Zurien» manifestaziora deitzeak (hau bai algara Erkoreka) agerian utzi zuen horren aurreko erantzun jeltzalearen jarrera susmagarria, noraino joan zitekeen. Berrogei urte geroago ongi ikasi dugu, espainiar demokrazia eredu ukatzaile eta zapaltzaileko egitura politiko eta juridikoko partaideekin batera, EAJko buruzagi asko demokraziaren ukazio egoera larri honen defendatzaile bilakatu direla, eta gatazka gainditu ahal izatearen aukeraren aurka daudela. Nire ustez, autokritika egiteko garaia heldu da. Baina ez «iritsi berriak ditugun horiek» bakarrik, baita Sabin Etxean sorginkeria jorratzen dutenek ere. Nahiz bakarren batzuk «iritsi berriak» garela ozenki nabarmendu, egia beste bat da, eta guri ere luzea egiten ari zaigu bidea. Ezker abertzalearen baitan ikusten dugu, garai batean uste baino latzagoa dela autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea, alegia. Oso zaila suertatzen baita frogatzea nazio askapen prozesu guztietan, autonomia, independentziaren antidoto gisa erabiltzen duela botere menperatzaileak, aurreko tresna guztiek porrot egin eta gero. Eta horrela, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino, tranpa hilkorra suertatzen da, herri horren benetako askatasun aukerari begira. Zeresanik ez, azken legealdi hauetan, autonomiaren muga guztiak begi bistan geratu direlarik, burujabetasunaren premia biderkatzen ari dela. Beranduegi izan baino lehen, gure etorkizunaren jabe izatea, behar ezin larriagotzat agertzen zaigu. Guretzat, herri gisa, herri zapaldu eta ukatu guztiontzat bezalaxe, denbora eta espazioak badu mundu honetan -gero eta mundu homogeneizatuago honen barnean are gehiago- beste dimentsio bat. Etorkizuna adibidez, orainean, gaurkoan jokatzen da, ari da jokoan, ez da ziurtasun bat, eskuratu beharreko asmoa baizik. Lurraldea ez baita soilik baieztapen eremua, berez ematen den eta babestu beharrekoa, batez ere kanpotarren jarduerarekiko alderatuaz defi- nitzen dena. Lurraldea desegituraturiko sarea da, gure arteko sintonia eta proiektuen baitan estutu nahi dena. Kanpotar ukazioari bere izaera ireki, anitza eta ez baztertzailea. Aukera horiek posible bilakatzeko bidea argia eta bakarra dugu. Hautabide demokratiko bat landu beharrean gaude, herri honentzako estatus politiko eta burujabetza maila berri baten aukera erreala. Euskal demokraziari leihoa irekitzeko balioko duena. Gogoratu nahi nuke, duela 44 urte (1971/02/06), EAJ-ETA- ELA-EGI-Enbata-Branka eta abar, elkarturik, zintzotasunez beterik egindako solasaldia, zegoen egoerari aurre egiteko, elkartasun helburuekin. Ez genuen lortu, bale, baina nahiz ezberdintasun nabariak eta zehatzak -gaur ere- egunero nabarmendu, baita ukaezinak diren «barne» oztopoak ere, elkartasuna erein beharrean gaude. Nire arrazoia garbia da; orain arte bezala jarraituz, norberaren ondarea eusteko gai gara, baita herriari zor dioguna «eskaintzeko» ere, baina nekez lortuko dugu, bakarka, aldarrikatzen dugun etorkizuna. Sukalde lanek jangela behar dute, bestela jai dugu. Ea ba.