2015 OTS. 23 Aizkora | Urrezko lehiaketa Zutik jarritako enborrak erabaki du finalerdia Rekondo eta Erasun izango dira Azpeitiko maila nagusiko finalean Mugertzaren eta Atutxaren aurka. Jon LEUNDA Jon Rekondok eta Ander Erasunek lortu zuten atzo Leitzan Urrezko Aizkorako finala jokatzeko bigarren txartela, eta hemendik bi astera neurtu beharko dute Aitzol Atutxaren eta Ugaitz Mugertzaren aurka. Zutik jarritako enborrek aurtengoan min handia egin dute, eta atzo ere horrelaxe gertatu zen, horrek erabaki baitzuen kanporaketa Rekondoren eta Erasunen alde. Azkeneko lanera ia bi minutuko zuloarekin iritsi ziren, eta azkenean bi minutu eta erdiko aldearekin amaitu zuten norgehiagoka. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izan zen egin behar izan zuten aurreneko lana, eta Rekondok eta Erasunek 32an amaitu zuten euren enborra, eta biren aldea kendu zieten aurkariei. Bigarren saioan, tamaina bereko enborra izan zuten aurrean, baina oraingoan erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta 52 segundoan amaitu zuten Rekondok eta Erasunek, eta bat gehiago behar izan zuten Kañamaresek eta Jauregik. Hirugarren saioan etorri zen zutik jarritako aurreneko enborra, eta hor egin zuten garaileek aurreneko zulo handia. Minutu eta 33 segundoan bota zuten kana-erdikoa, eta bi minutu eta zortzi segundoan, berriz, Kañamaresek eta Jauregik. Lan honen amaieran faboritoek 38 segundoko tartea zuten, eta aurretik zuten lana kontuan hartuta, eta ordura artekoa ikusita, nahiko garbi ematen zuen finalean zeintzuk izango ziren, eta ez zen ezusterik izan. Alde handia Laugarren ekinaldian abiadura proba izan zuten, eta bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta berriro ere Leitzakoak eta Aurtizkoak irabazi zuten, nahiz eta ez zuten alde handia lortu. Bi minutu eta 31 segundo behar izan zituzten, eta Aroztegikoak eta Ilarduiakoak, aldiz, bi minutu eta 48 segundo. Azken-aurreko lana suertatu zen erabakigarria. 45 ontzakoa zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita ebaki behar izan zituzten, eta Erasunek eta Rekondok bi minutu eta 44 segundoan burutu zuten euren lana, eta minutu bat eta segundo bat gehiago behar izan zituzten euren aurkariek. Azkeneko lanean, bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Bikote nafarrak 14 minutu eta 40 segundoan amaitu zuen jarduna, eta 21 segundo gehiago behar izan zituzten Arabakoak eta Nafarroakoak. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 52 segundo behar izan zituzten Jon Rekondok eta Ander Erasunek, eta 25 minutu eta bederatzi segundo, berriz, Julen Kañamaresek eta Arkaitz Jauregik, finalera sartuz.