2015 MAR. 02 IZOTZ ESKALADA | Maltatal (Austria) Markus Pucher, «Zeit zum Warten» bidean (WI+/M6) bakarka Andoni ARABAOLAZA Duela ia bi hilabete, orrialdeotan aipatu genuen Markus Pucher austriarrak Cerro Torreko «Ragni» bidea bakarka eskalatu zuela. Bigarren aldia zuen, baina azken horretan baldintza oso gogorretan igo zen. Pucher bakarkako jarduera horietan espezialista handia dela behin baino gehiagotan aipatu izan dugu, eta duela gutxi Austriako Maltatalen eginikoa horren isla da. Bai, Pucherrek Maltatalen dagoen mistoko eta izotzezko marra gogorrenetariko bat bakarka (era integralean) sinatu du. «Zeit zum Warten» bidea 180 metro luze da, eta zailtasun tekniko handiak ditu: WI6+ eta M6. Protagonistak adierazi duenez, poltsikoratutakoa bakarka eskalatzeko oso-oso zaila da: «Bidearen baldintzak ez ziren batere errazak, batez ere igo dudan marrak izotz gutxi zuelako. Alabaina, neguko nire lehen izotz jarduera gogorra izateko, oso ondo igaro dut». Eskalada honen inguruan irudiak hartu zituen argazkilariak, Gunther Goberlek, zera adierazi du: «Inoiz ez dut ikusi horrelako indarrarekin, konfiantzarekin eta lasaitasunarekin jarduten duen eskalatzailerik».