GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Gold Coast: Ametsezko eskuin olatuen eskualdea

Australia ekialdean dira lehian egunotan munduko surflari hoberenetako asko, munduko eskuin olatu onenak dituen urrezko eskualdean, alegia, Gold Coasten.


Egunotan Australia ekialdeko uretan dira munduko surflari onenak. Uda betean diren australiarrentzat zikloi eta itsaskien garaia da, eta, hala, uneotan munduko urautsi onenetako batzuk bere onenean dira.

Hasi da Quiksilver Gold Coast txapelketa. Top 32ko mutilak eta Top 16ko neskak urteko lehen txapelketan lehian ari dira. Txapelketa honetako gorabehera eta emaitzak datozen egunotan jakin ahal izango ditugu, baina, lehiakideez gain, bada txapelketa hau ikusgarri bilakatzen duen beste osagai garrantzitsu bat, Snapper urautsiak eskaintzen dituen eskuin olatu bikainak.

Gold Coast

Australiako ekialdean dagoen eremu labur batean sekulako olatuak daude; Burleight Heads, Currumbin eta Snapper Rocks dira ezagunenak. Hirurek oso antzeko ezaugarriak dituzte; ibai aho baten ondoan sortutako olatuak dira, hasieran arroketatik oso gertu altxatzen dira, baina, aurrera egin ahala, hondar gainean lehertzen hasten dira. Ur gutxiko olatuak dira, tuboa sortzen dutenak eta eskuin beso luzekoak.

Hondoan harea izanik, olatuok sasoi hobeak edo txarragoak izan ditzakete, harea mugitzearekin hondoak ere aldatu egiten baitira. Ibai ahoen ondoan sortutako olatuak izateak ere badu bere arrazoia; Mundakan bezala, ibaiak harea albo batera pilatzen du eta pilatutako harea multzo hori da olatua lehertzeko modua zehazten duena.

Australian, ordea, ibai ahoetan sortzen diren olatuek badute arrisku bat: marrazoak. Egun euritsuen ostean marrazo zuriak ikusi izan dira Gold Coasteko ibai ahoetan, aparteko arazorik izan ez bada ere.

Kantauri itsasoan, soilik ipar eta ipar-mendebaldeko itsaskiak sar daitezke. Goald Coasteko urautsietan, ordea, itsaskien norabideak garrantzia handia du, norabidearen arabera olatuak forma bat edo bestea izaten baitu.

The Superbank

The Superbank gizakiak surf egiteko eraikitako urautsi berezi bat da. Coolongattan dago, Gold Coasten, eta munduko eskuin olatu luzeenetakoa da.

Egun batzuetan, baldintzak itzelak direnenean, olatua Snaper Rocks urautsitik abiatzen da, eta, ia bi kilometroko ibilbidea egin ostean (1,22 milia), Kirrako hondartzan hiltzen da. Jende pilaketak kontuan hartu gabe, olatuak edozein ariketa egiteko aukera eskaintzen du, eta sekzio borobil azkarrak sekzio motelagoekin elkartrukatzen ditu.

Ingurunearen geomorfologia aldatzeko plan batzuk aurkeztu izan dira eskualdean, kasinoak edo gurutze-ontzientzako portuak kasu, baina, urautsi honek surflari eta turista asko ere erakartzen ditu, eta, lekuko ekonomian duen eragina kontuan hartzekoa denez, edozein aldaketak kontrako efektua izango luke.

Superbank surflarien ametsa da. Tweed errekaren ipar aldean ponpatutako hondarrak sekzio borobilak sorrarazten ditu Greenmount aldean. Horren ostean, sekzioa gainditzea lortzen duen surflariak, Kirrako olatuarekin bat egin eta beste sekzio borobil bat izango du parez pare.

2000ko apirila eta 2002ko urria bitartean, eremu horretan dragatze lanak egin zituzten, eta, hala, dragatutako hondar kopuruak 1.062.618 metro karratu estali zituen. Beraz, aldaketa handiena dragatze lan horien ostean eman zen. Nolakoa zen urautsia dragaketak aitzin?

2001 arte, Burleigh Heads zen Gold Coasteko urautsi hoberena. Snapper Rocks, eskuin olatu trinkoa zen, tarteka ezker olatuak ere eskaintzen zituena, baina ez egun bezain luzeak. Olaturik luzeenek, gehienez, 200 metroko ibilbidea zuten.

Gold Coasteko Udalak Tweed errekaren bokalean pilatzen zen hondarra kendu nahi zuen ontzien irteera errazteko eta dragatze lanak hasi zituen. 2001ean egindako lanen ostean urautsian sekulako aldaketak eman ziren. Pixkanaka olatua gero eta luzeagoa izaten hasi zen; surflariek 20 segundo ere egiten zituzten olatu gainean, eta 10 segundoko tubo luzeak ohiko bilakatzen hasi ziren. Lanak amaitu ostean, 2002an, Joel Parkinson bertako surflariak Quiksilver Pro Gold Coast munduko txapelketa irabazi zuen. 2003an argitaratu zen «3 Degrees» surf filmean, berriz, Jarrah Tutton 20 segundoko tubo bat egiten agertzen zen. Sona handia izan zuen beste irudi bat Damon Harvey surflariarena izan zen, izan ere, olatu baten gainean lau minutu egin zituen.

Sanapper-Kirra

Superbank bere onenean denean, Snapper eta Kirrak bat egiten dute. Olatu amaigabeak izaten dira, baina oso zaila da behar bezalako baldintzak ematea. Zehazki, Snapperren kasuan honako baldintzak dira egokienak: hego-ekialdeko itsaskia, hego-mendebaldeko haizea, marea erdian eta bi metroko olatuak. Urte sasoi onena uda da, otsailetik apirilera. Itsaskia handiegia bada olatua ez da leku egokian lehertzen, baina egun arruntetan ia ezinezkoa izaten da olatu bat hartzea, jendez gainezka izaten baita ingurua.

Snapper Rock eta Kirra artean olatu berak eremu desberdinak zeharkatzen ditu eta leku bakoitzak bere izena du. Olatuak lur hartzen duen lehen eremua Snapper Rock da. Haitzez osatutako sakonera gutxiko punta batean hasten da lehertzen eskuin olatu borobila, baina hondoan harea du.

Olatuaren bigarren zatiak Rainbow izena du. Aurrerago, beste sekzio bat jasotzen da, Greenmouth Point. Gero, Coolangatta hondartza zeharkatzen du olatuak, eta, azkenik, harriz osatutako dike baten ostean, Kirrako olatua jasotzen da.

Guztira, mutur batetik bestera, ia bi kilometroko luzera du olatuaren ihesbideak. Oso zaila da olatu berean ibilbide osoa egitea, zati batzuetan olatua asko azkartzen baita. Hori bai, surflari ororen ametsa da.