2015 MAR. 16 AIZKORA Bost minututik gorako aldea Arriak hasieratik bukaerara kontrolpean izan du apustua Otaegik lehen zortzi enborretan eutsi egin dio, baina gero errezildarra erraz nagusitu da. Jon LEUNDA Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak ongi, oso ongi irabazi zuen atzo Tolosako zezen-plazan Joseba Otaegiren aurkako apustua. Amaieran bost minututik gorako aldea kendu zion Zizurkilgoari, eta, emandako itxura, berriz, paregabea izan zen. Aizkolari bakoitzak hogeina kana-erdiko ebaki zituen, eta enborrak erdibana plazaratu zituzten. 6.000 euro jarri zituen bakoitzak jokoan. Luix Txapartegi eta bere aita, Arria II.a, izan zituen alboan Arriak, eta Leon Albeniz Iruntxiberri eta Arkaitz Iriarte, berriz, Otaegik. Dirua bere alde izan zuen Joseba Otaegik hasieran. Apustuak emozioa hasierako zortzi enborretan izan zuen. Arriak oso indartsu ekin zion saioari, eta aurre hartu zuen aurreneko enborrean. Lehenengoan hamalau segundo kendu zizkion Otaegiri, eta, bigarrengoan, aldeak bere horretan jarraitzen zuen. Bi minuturen azpitik kana-erdikoak botaz ari ziren, erritmo oso altuan, eta gauzak estu joan ziren bederatzigarren enborrera arte. Lehen zazpi kana-erdikoak aurretik bota zituen Arriak, baina zortzigarrengoa Otaegik lehenago amaitu zuen. 24 segundoko aldea lortu zuen Zizurkilgoak, eta bazirudien emozioak aurrera jarraituko zuela, baina hortxe amaitu zen berdintasuna. Bederatzigarren enborra botatzen denbora asko pasa zuen Otaegik, eta Arriak berriro ere buelta eman zion aurka zuen aldeari; hala, 43 segundoko tartea lortu zuen Arriak. Ikustear zegoen Otaegiren erantzuna, baina hori ez zen iritsi. Lan erdietara Errezilgo aizkolaria minutu bateko aldearekin heldu zen, eta bazirudien neurketa erabakitzeko bidean zegoela, eta horrelaxe izan zen. Ezinean Bigarren zatian ez ziren gauzak batere aldatu. Arriak ez zuen erritmoa batere jaitsi. Jaun eta jabe izaten jarraitzen zuen, eta lortuta zeukan zuloa handitzen joan zen. Gainera, hasierako zozketa Arriak irabazi zuen, eta errezildarrak bere enborrekin hastea erabaki zuen, eta haiek ziren mozteko zailenak ere; horri esker, bigarren zati hori erabat kontrolpean izan zuen. Aldeak gero eta handiagoak ziren, eta Otaegik ikusi zuen apustua irabaztea ezinezkoa zuela, eta etsi egin zuen. Bigarren zatiaren gehiengoa Arriari begira pasa zuen. Zaleek zenbateko aldea zegoen ikusi nahi zuten, eta garbi ikusi zen Errezilgoak 40 minuturen azpitik amaitu nahi zituela lanak, eta horixe egin zuen. Nahiz eta apustua irabazita ikusten zuen, lanean jarraitu zuen bere helburua lortu nahian, eta lortu zuen, 40 minuturen azpitik amaitu baitzituen bere lanak. Otaegiri alderik garratzena egokitu zitzaion. Jadanik apustua galduta ikusten zuen, baina lana ahalik eta txukunen amaitu nahi zuen; Arriak bere lanak bukatu zituenean oraindik bi enbor geratzen zitzaizkion dena amaitzeko. Erritmoa apur bat jaitsi zuen, baina amaitu arte lanean jarraitu zuen. Otaegiren aldeko jende asko joan zen Tolosara, eta merezi zuten Zizurkilgoak lanean jarraitzea eta horixe egin zuen; amaieran bost minutu pasako aldea egon bazen ere, zaleek txalo artean hartu zuen Otaegi, eta eskertu zuten bere jarduna. Arria V.ak itxura bikaina eman zuen, eta lantegi hauetan dagoen onenetakoa dela argi eta garbi utzi zuen. Tolosako zezen plazara 500 ikusle pasa gerturatu ziren, eta eskertzekoa da, atzoko eguraldiak ez baitzuen batere lagundu. Hotza eta bustia izan zen atzoko goiza, eta askok nahiago izan zuten apustua arratsaldean telebistaz ikustea; hori bai, joan zirenek bi aizkolariek egindako lana eskertu zuten. Olasagastiren aurkako porrotaren ostean zalantza batzuk piztu zituen Arriak, baina atzo argi eta garbi utzi zuen kana-erdikoetan bera menderatzeko lan asko egin beharko dela. Amaieran desafio hotsak ere entzun ziren, baina ezer ofizialik ez. Horrenbestez, ikusi beharko da hortik zerbait ateratzen den. Hori bai, datozen zurrunbilo guztiei erantzuteko prest agertu zen errezildarra. «Egindakoarekin gustura geratu naiz» Arria V.a pozez txoratzen zegoen saioaren amaieran. «Hau zen nahi genuena. Hasieratik bukaerara bururik altxatu gabe aritu naiz. Fisikoki oso ongi nengoen, eta uste dut itxura ere ona eman dudala», esan zuen Arria V.ak. Zortzigarren enborrean Otaegik aurre hartu zion, baina ez zela urduri jarri esan zuen Arriak. «Berak jo du, eta saiatu da lan erdietara aurretik iristen, eta zortzigarrengoan aurre hartu dit, baina burua hotz mantentzen jakin dut, eta bederatzigarrengorako berriro ere nagusi nintzen», esan zuen Bigarren zatian apustua irabazita izan arren, marka ona egitera joan zen errezildarra. «Behin aldea lortu dudanean, aurrera jarraitu nahi izan dut. Marka ona egin nahi nuen. Enborrak ez ziren horretarako aproposak, baina saiatu naiz ahalik eta denborarik onena egiten», esan zuen. Geroari begira gauzak garbi dauzka. «Ni ez naiz txapelketetan ari, eta apustuei begiratu behar diet. Ez dit inork beldurrik ematen, eta, norbaitek apusturen bat jokatu nahi badu, ikusiko dugu», esan zuen errezildarrak. Otaegik, bere aldetik, ez zuen aitzakiarik jarri. «Bera gehiago izan da, ez dago besterik. Berak egindako lan handia aipatu behar da. Enborrak ez ziren marka ona egitekoak, baina berak 40 minuturen azpitik amaitu ditu lan guztiak, eta hori esan beharrekoa da», adierazi zuen Zizurkilgoak. «Nik etxeko lana egin dut, gustura geratu naiz egindakoarekin, baina aurkaria gehiago izan da. Niretzat berak txapela kentzeko moduko lana egin du, eta zoriondu besterik ez dago», erantsi zuen. Hauek izan ziren Arriaren denborak: 1.11, 2.43, 4.27, 6.08, 8.00, 9.56, 12.18, 14.25, 16.17, 18.14, 20.12, 22.11, 24.15, 26.16, 28.23, 30.30, 32.48, 35.16, 37.42 eta 39.49. Otaegirenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.25, 2.58, 4.47, 6.36, 8.17, 10.12, 12.16, 14.29, 17.00, 19.14, 21.49, 24.40, 27.02, 29.43, 32.12, 34.45, 37.05, 39.49, 42.28 eta 45.09. J.L. EURIA ETA HOTZA. Eguraldiak ez zuen atzoko apustuan batere lagundu. Goizean zehar euria izan zen protagonista, eta gainera hotz egiten zuen. Horrek jende asko kendu zion apustuari, baina 500 ikusle pasa gerturatu ziren desafioa ikustera.