2015 MAR. 16 ZIRIKAZAN Oroitzeko eta hausnartzekoak Josebe EGIA Bizpahiru urtean, behin baino gehiagotan izan dut buruan Zaida Canteraren kasuari buruz idaztea. Oso ondo gogoratzen dut haren berri izan nuen aldia, pentsatu nuelako armadan gorriak pasatuta are gorriagoak pasatuko zituela aurrerantzean, gizonezko militarrek eraturiko aginte-kate zorrotzaren mende ezer gutxi irabazi barik, eta obario-parea ondo jarria zuela, ordena horretan. Orduan, izen-abizenik gabeko albiste haren unean, kapitain bikaina ei zen; egun, kirioak dantzan ditu egun osoan eta oraindik ez daki zer etorkizun izango duen, bere burua ezindutzat jota ez diotelako erantzunik ematen hutsaren hurrengoa balitz bezala tratatu duen armadatik betiko baja hartzeko eskaerari. Oker nengoen. Horregatik, gaur falta barik idatzi nahi dut, batik bat, emakume horrek bere kemen eta duintasunari esker lortu duenaz: bere jazartzailea kartzelatzea, hasteko eta behin; jendarte zibiletik kanpoko ustezko erakunde eredugarri eta besteon defendatzaileetan ere, edo are gehiago, gizonek zuzenduriko eta ia osorik eraturiko horietan, matxismoa eta matxisten zigorgabetasuna emakumeak baino gehiago babesten direla jendarteratzea; plaza politikora eramatea gaia eta, ondorioz, zer edo zer mugitzen hastea, instituzio militar zurrun horren arduradunak beren erantzukizunei dagokienez agerian eta urduri jarrita; bide batez denoi gogoratzea lan- eta sexu-jazarpena nola sortzen eta garatzen diren, zein baldintza eta, batik bat, ez-ikuste, ez-entzute eta ez-egite behar dituzten gerta eta denboran luza daitezen. Ez dira lorpen makalak, nahiz eta Cantera andreari gehiegizko kostu pertsonala ekarri dion, ezinezko bideak irekitzen dituzten guztiei bezala. Jazarpena, edozein motatakoa, besteren baten frustrazioak, suminak eta ezintasunak pairatzean datza; horri gehituz gero botere-harremana, berezko kezka eta izuei bestelakoak batzen zaizkie, ogibidea galtzea, kasu; eta horiei guztiei erabakiak hartu behar dituztenen eta, areago, ingurukoen aldetiko babes ezaren zalantza edo ziurtasuna erantsita, norbere buruaren paralizatzea ez sinesteko muturrera hel daiteke, eta heltzen da. Munduan, emakumeekiko sexu-jazarpena, oro har, eta hori ez onartzearen ondoriozko mobbing-a arlo profesional guztietan gertatzen da, herrialde guztietan, klase sozial guztietan. Finean, pertsona zapuztu, amorratu eta ankerrak edonon daudelako, horiek norbaiti ordainarazteko baldintzak oraindik ere egokiegiak direlako, eta hierarkiaren araberako harreman orotan emakumeok oraindik oso azpitik segitzen dugulako, helduleku ziur eta tinko urriegiekin, halaber. Zaida Canteraren kasuak nabarmen utzi ditu horiek guztiak, estatistiketan kasu gehiago jasota ez egoteko arrazoiak, hain zuzen. Niri beste gogoeta kolektibo baten premia ere erakusten dit, alboratuegia dugula iruditzen baitzait: emakumeok rol jakin batzuk lez, zein barneratzen ari dira gizonezkoak sexismoa eta ondoriozko indarkeria hain osasuntsu egon daitezen, zein gizonengan hainbeste ezintasun eta gorroto eragiteko eta egun baten ondokoaren larruan isurtzeko, zein jokabide horiek ikusita atzamarrik ez mugitzeko.