2019 ABU. 08 JOPUNTUA Ikuskizun arriskutsua Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Aitortzen dut: ez naiz telesail zale amorratua, ez ditut jarraitzen modako estreinaldiak eta oso gutxitan gertatu zait atal bat bestearen atzetik ikusten arratsalde osoa ematea. Halere, udako oporrak heldu zaizkit eta denbora libre gehiago dudala baliatuz zaletzeko telesailen bila hasia naiz. Hainbaten artean, deigarriak egin zaizkit nolabait gai bera jorratzen duten bi dokumental: “El caso Alcàsser” eta “La muerte vende”. Lehena ezagunagoa egingo zaigu, gehienok jasan baikenuen garaiko komunikabideen ikuskizun lotsagarria. Bigarrenak, aldiz, Wallace Souza telebista aurkezle arrakastatsuaren kasura hurbiltzen gaitu. Izenburu iradokitzailea duen telesail honek aurkezle brasildarraren historian sakontzen du; entzuleak irabazteko asmoz hilketak agintzea leporatu zioten. Kasu bietan komunikabideak eta kriminalitatea lotuta agertzen dira. Gaia ez da berria, baina gaurkotasun osoa du. Adituek onartzen dute komunikabideak direla zigor zuzenbidea gero eta zigortzaileagoa izatearen arduradunetako bat. Hori justifikatzen duten mekanismoak askotarikoak dira. Hasteko, aipagarria da «agenda setting» fenomenoa. Hots, komunikabideek gai zehatz bat eztabaida publikora eramateko gaitasuna dute, gaiaren benetako garrantzia kontuan hartu gabe. Delinkuentzia denean nabarmentzen den gaia, halabeharrez, herritarren segurtasun sentsaziorik eza handitzen da. Bestetik, «framing» fenomenoa azaltzen zaigu; hau da, soilik berrien alderdi batzuk azpimarratzea. Delinkuentziaren kasuan, ohikoa da ikuspuntu sentsazionalista eta dramatikoa; testuinguru soziala, politikoa eta ekonomikoa kontuan ez hartzea; eta delitua burutzen duenaren irudi desitxuratua ematea. Horrela, zalantzarik gabe, delinkuentziaren gaineko mitoak indartuz doaz. Oinarrizko arazoa informazioaren merkantilizazioa da. Berrien lehenengo helburua onura ekonomikoa lortzea denean, kriminalitateari protagonismo handiagoa aitortzen zaio, delituei buruzko informazioa merkea, heldu erraza eta moldakorra da eta. Kriminalitatea mediatikoa da, baina sortzen duen ikuskizunak ondorio arriskutsuak ditu. Adituek onartzen dute komunikabideak