2023 URT. 11 KLIMA LARRIALDIA Ozono-geruza bere onera itzultzen ari dela baieztatu du ikerketa batek Klima larrialdiaren arloan jasotako albiste mingotsak gozoak baino askoz gehiago izan dira azken urteetan, baina noizean behin heltzen zaizkigu ospatzeko modukoak. Halakoxea da, hain zuzen, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) zabaldutakoa; izan ere, ozono-geruzaren zuloa ixteko bidean dagoela baieztatu du, eta hori berotze globala apaltzeko lagungarria izan daiteke. Ozono-geruzaren egoera 1979an (ezkerreko irudian) eta 2009an. Azken urteetan, ordea, zuloa ixten ari dela esan du MMEk. (NASA | A) GARA BILBO Ozono-geruzarentzat kaltegarriak diren substantziak pixkanaka ezabatzen hasi zirenetik, berau berreskuratzen ari da mundu mailan eta, datozen lau hamarkadetan, Montrealgo Protokoloan aurreikusitako neurriei eutsiz gero, hobekuntza horrek tenperaturaren igoera moteltzen lagunduko du. Zehazki, MMEk baieztatu duenez, berotze globala 0,5 gradu txikiagoa izan liteke mende bukaeran, bide honetan jarraituz gero. Aste honetan zabaldutako albistearen arabera, Montrealgo Protokoloaren Ebaluazio Zientifikoko Taldearen lau urteko ebaluazio-txostenaren datuek baieztatzen dute ozono-geruzari kalte egiten dioten substantzia kimikoen %99 mundu mailan ezabatzeari esker geruza hori berreskuratzen eta klima-aldaketa arintzen ari dela. AEBko Meteorologia Elkartearen bileran aurkeztutako txostenak agerian uzten du goi-mailako estratosferaren berreskuratzea, eta, horri lotuta, eguzkiaren erradiazio ultramoreak gizakiongan duen eraginaren murrizketa. Horiek hala, ikerlariek uste dute egungo politikei eutsiz gero, ozono-geruzak 1980ko balioak berreskuratuko dituela, hau da, zuloa sortu aurreko egoera. Artikoan, gutxi gorabehera 2045ean itzuliko litzateke geruza bere onera; 2066an Antartikan eta 2040an munduko gainerako lekuetan. Horrekin batera, zientzialariek ikusi dute 2000. urtetik hona ozono-zuloaren azalera eta sakonera murriztu egin direla, eta Antartikako ozono-zuloaren aldaketak, batez ere 2019 eta 2021 artean izandakoak, eguraldiaren ondorio izan zirela ondorioztatu dute. Albiste «ezin hobea» Nazio Batuen Ingurumen Programako ozonoari buruzko idazkari exekutibo Meg Sekik «albiste ezin hobetzat» jo du txostenak ozono-geruza berreskuratzen ari dela berrestea. «Inoiz ez da behar adina nabarmenduko Montrealgo Protokoloak zenbateraino lagundu duen klima-aldaketa arintzen. 35 urte hauetan, Protokoloa ingurumenaren defendatzaile irmoa bihurtu da». Txostenak 2016. urtean Kigalin (Ruanda) Protokoloari egindako zuzenketa eta haren garrantzia ere aipatzen du. Akordio gehigarri horrek, hidrofluorokarbono (HFC) batzuen ekoizpena eta erabilera pixkanaka murriztea eskatzen du, ozonoa zuzenean agortzen ez duten arren, berotegi-efektuko gas indartsuak baitira. MMEko idazkari nagusi Petteri Taalasek adierazi zuen ozonoarekin lotuta ezarritako neurriak «ekintza klimatikorako aurrekaritzat» har daitezkeela, eta esan zuen ozono-geruza suntsitzen duten substantzia kimikoak pixkanaka ezabatzeari esker lortutako «arrakastak» erakusten duela zer egin daitekeen eta zer egin behar den urgentziaz erregai fosilak uzteko, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta, beraz, tenperaturen igoera mugatzeko. Montrealen hitzartutakoa oso zorrotz bete da, eta emaitzak argiak dira. Bidea zein den, beraz, ageri-agerian geratu da. GEOINGENIER��AEl informe de la Organizaci��n Meteorol��gica Mundial tambi��n alerta sobre los efectos indeseados que pueden tener las nuevas tecnolog��as como la geoingenier��a en la capa de ozono.