GARA Euskal Herriko egunkaria
XABI ALONSOREN BAYER LEVERKUSEN EUROPA LEAGUEKO FINALEAN

Xabi Alonsok «neverkusen» goitizenetik askatu du Bayer

Bayer Leverkusen bost aldiz Bundesligako txapeldunordea izan da. Horrek “Vizekusen” goitizena ekarri zion, eta ingelesera “neverkusen” bezala itzulia izan da. Aurten, ordea, Xabi Alonsoren eskutik lehenbiziko liga irabazi du eta gaur Europa Leagueko finala jokatuko du. Tolosarrak futbola arnasten du eta garaipenaren bidera eraman du aspirinen taldea. Taldeak 51 partida daramatza galdu gabe.

(Sascha SCHUERMANN | AFP)

Bizitza itzulinguruka aritzen da, gora eta behera, tarteka etapa lauei lekua eginda, arnasa hartu eta erronketara prest agertzeko. Behera noiz egingo duen zain, goraka ari da Xabi Alonso, eta berarekin batera, Bayer Leverkusen. «Leverkusenekin historia egitea berezia da», esan zuen duela hilabete, matematikoki liga bereganatu zuenean. Zaleekin harmailetan besarkatzean, erabateko sintonian, agerian geratu zen xarma berezia. 2022ko urrian aspirinen taldearen gidaritza hartu zuenean, Bundesligako 17. postuan zegoen -azken aurrekoan-, eta deskalabrua saihestea zen helburua. 1979an elitera igo zenetik, ez du sekula maila galdu eta, Alonso iritsi aurretik, gertu ikusten zuten zorigaiztoko gertaera.

Hondamendia saihestea erronka egingarria izan zitekeen, azken finean denboraldi erdi baino gehiago geratzen baitzitzaion Alonsori ibilbidea birbideratzeko. Gutxik aurreikusi zezaketen, ordea, urte eta erdi geroago liga irabaziko zutenik. Historiako lehenbiziko liga, “neverkusen” goitizenetik askatzeko garaikurra. Aurreneko liga irabazteko bidea, gainera, ez da nolanahikoa izan. Iaz, seigarren tokian bukatu zuen txapelketa nagusia, alegia, Europako lehiaketa jokatzeko aukera ematen duen postuan. Horrez gain, Europa Leagueko txapelketan finalerdietaraino iritsi zen. Finala eskuko atzamarrekin laztandu zuen, baina Jose Mourinhoren Romak kanporatu egin zuen. Ikasgai bat izan zen Alonsorentzat, bere mentoreetako baten eskutik.

«Etorkizuneko entrenatzaile bat aukeratu beharko banu, Xabi Alonso aukeratuko nukeen. Futbolaria zen aita batekin jaio zen eta entrenatzailea zen aita batekin hazi; gero bera ere futbolari bilakatu zen, noski, ni baino hobea. Jokoarekiko daukan ezagutza oso altuak dira. Espainiako ligan, Premierren, Bundesligan jokatu du eta entrenatzaile onak izan ditu: Guardiola Bayern-en, ni neu Real Madrilen, Ancelotti Madrilen baita ere, Benitez Liverpoolen... Hori guztia batzen baduzu, Alonsok baliabide asko ditu teknikari on bat izateko», esan zuen 2019an, hain justu, Mourinhok.

Aurten, mendekua hartuta -ez Mourinhori baina bai Romari-, eta joan den urteko maiatzaren 23tik partidarik galdu gabe, Europa Leagueko finala ere erdietsi du. Gaur da hitzordu nagusia, Atalantaren aurka (21.00etan, Dublinen).

BALENTRIA HIRUKOIZTU

Bundesliga jokalari eta entrenatzaile moduan irabazi duen bederatzigarrena da Alonso. Hansi Flick, Niko Kovač, Thomas Schaaf, Matthias Sammer, Franz Beckenbauer, Felix Magath, Jupp Heynckes eta Helmut Benthaus gogoangarrien ondotik. Are eta sakonagoa izan daiteke tolosarraren arrastoa, ez duelako partidarik galdu denboraldi osoan, 51 partida erreskadan. Europako txapelketak jokatzen direnetik (1955etik), inoiz erdietsi gabea; Benficak 1963 eta 1965 artean lortutakoa baino luzeagoa (48 izan ziren).

Gaur zoria alda daiteke edo balentria are loriatsuagoa izan daiteke, Europa League konkistatuz gero. Alonsorentzat lehenbiziko finala izango da entrenatzaile gisa. Eta bigarrena ere egun gutxi barru izango du, Alemaniako Kopakoa. Astebeteren buruan balentria hirukoiztu dezake, duela gutxi arte “neverkusen” bezala ezaguna zen taldearekin, orain arte erakusleihoan, Pokal bat eta UEFA Kopako garaikur bana daukan taldearekin.

Eskarmentu handiko jokalaria, entrenatzailearen bigarren eskua zelaian, argi zegoen behin futbolari ibilbidea bukatutakoan (2017an) aulkietara jauzi egingo zuela, Guardiolak futbolzaleak lasaitu zituenean esan legez: «Laster itzuliko da entrenatzaile modura, eta, edonora doala ere, ongi moldatuko dela seguru nago».

Real Madrileko harrobian hasi, Realeko bigarren taldearekin Bigarren Mailara igo eta segituan bereganatu zituen goi mailako eskaintzak. Bere lehen esperientzia handian erein du hazia Alonsok, eta aspirinen taldean jarraituko du, jokalari moduan Alemanian utzi zuen arrastoa handitu asmoz. Disfrutatzen eta lanean, bere mentoreak legez, futbola arnasten eta bizitzen.