GAUR8 - mila leiho zabalik

Zuberoako ikastolen saski salmenta azaroaren 1ean hasiko da

Zuberoako ikastolen saski salmentaren aurtengo kanpaina azaroaren 1ean abiatu eta abenduaren 1ean amaituko da. Iaz, 1.400 otarre salduta 15.000 euroko diru laguntza jaso zuten Zuberoako bi ikastolek.

Xiberoko saskiaren aurtengo kanpainaren aurkezpena.

Zuberoako ikastolak laguntzea eta bertako ekoizpenak ezagutaraztea helburu, 2003tik, Zuberoako ikastolek gabonetarako saskiak atontzen dituzte tokiko ekoizpenekin. Ekimen honekin, 1.400 otarre salduta 15.000 euroko diru laguntza jaso zuten iaz Zuberoako bi Ikastolek, gaur kanpaina berriaren aurkezpenean esan dutenez.

Aurtengo kanpaina ostiralean abiatuko dute eta hilabete bateko epean egongo da martxan. Ohar bidez gogorarazi dutenez, bi ikastola dira egun Zuberoan. Bata, Basaburuako Alozeko herrian ; bestea Pettarrean, Sohütako herrian. Alozen 36 haur daude eskolatuta ama eskolan eta lehen mailan. Sohütakoan, aldiz, 103 haur dira.

«Kolegioan ikastolan jarraitzen duten haurrek Lartzabalera joan behar izaten dute. Eta lizeoari dagokionez aldiz, egun Baionakoa da Seaskaren lizeo bakarra», adierazi dute.

Hori dela eta, eta «Seaskak eskaintzen duen eredua euskara berreskuratzeko bide eraginkor bakarra» dela esanez, ikastolen garapena laguntzeko abiatu dute beste behin gabonetako otarren kanpaina.

«Xiberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri guztiko elkartasuna ezinbestekoa zaigu», galdegin dute.

Saskiak www.ikaskoli.eus webgunean erosi daitezke; bi motatakoak daude: Ahüski, 40 eurotara eta Irati, 52ra. Ardi gazta, eztia, ahate gibela eta beste hainbat produkturekin, tokikoak guztiak, atondu dituzte otarrak.