2020 MAR. 04 Gipuzkoako herrien izenen azterlana aurkeztu du Euskaltzaindiak `Gipuzkoako Herrien Izenak. Lekukotasunak eta etimologia´ Patxi Salaberri Zaratiegik eta Luis Mari Zaldua Etxabek ondutako azterlana da. Asteazken honetan aurkeztu du Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundian. Liburuan zein PDFn, Euskaltzaindiaren webgunean, dago eskuragarri. Gipuzkoako herrien izenen liburua aurkeztu du Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. (EUSKALTZAINDIA) NAIZ Euskaltzaindiak argitara eman duen ikerketa-lana Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu dute Patxi Salaberrik eta Luis Mari Zalduak, Hizkuntza Berdintasuneko foru diputatu Garbiñe Mendizabalekin eta Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera. Izenburuak dioen gisan, `Gipuzkoako Herrien Izenak. Lekukotasunak eta etimologia´ liburuak Gipuzkoako herrien izenak jasotzen ditu, baita auzo askorenak eta bestelako populazio gune batzuenak ere. Zehazki, 182 entitate –izan auzo, elizate, udalerri….– bildu dira, orotara 4.500 testigantzaz jantzita (horietarik 700 ahozkoak). Izen bakoitzak historian erakutsi dituen formak eta azalpen etimologikoak dakartza. Egileak «metodologia serio bat oinarrian hartuta eta zuhurtziaz» jokatzen saiatu dira, eta izen berezien hastapeneko adiera emateko, hainbat elementu hartu dituzte kontuan, hala nola agiriek denboran izandako aldaerak, euskal fonetika historikoa, lekuaren nolakoak eta gaurdainoko esperientziak. Herri, elizate eta auzoen izenekin batera, hiriburuarena eta lurralde historikoarena ere aztertu dituzte. Horrez gain, herri bakoitzaren izenaren amaieran, gentilizioa edo herritarrei nola deitzen zaien ageri da (Tolosa > tolosar). Proiektuaren atzean, «Euskal Herriko toponimia nagusi osoa aztertu nahia» dago, Salaberrik azaldu duenez, «2004an Nafarroa Beherekoa argitaraturik, eta 2015ean Arabakoa, iruditu zitzaidan bazegoela Gipuzkoakoa ere egiteko modua».