GAUR8 - mila leiho zabalik

Islandiak 2022rako itxi nahi du genero arrakala

2018an onartutako lege batek behartu egiten ditu 25 soldatapeko langile baino gehiago dituzten enpresak, pribatu zein publikoak, lan beragatik ordainsari bera ematen dutela ziurtatzera

Islandiak 325.000 biztanle ditu eta Munduko Genero Berdintasun indizearen buru da 2009tik. (Getty IMAGES)

Erabateko berdintasuna ez da ezinezkoa. Islandiak ia lortu du eta munduko beste gobernu batzuek bere eredua jarraitu nahi dute. Zergatik da 2009tik Europa iparraldeko uharte hori Munduko Genero Berdintasun Indizearen buru?

Munduko Ekonomia Foroak urtero egiten duen txostenak 153 herrialde aztertu zituen iaz, lau alor kontuan hartuta: lana, politika, osasuna eta hezkuntza. Batez besteko genero arrakala %68,6koa da. Alegia, egungo joera mantenduz gero, ia mende bete, 99,5 urte, beharko dira berdintasuna erdiesteko. Islandiak, berriz, 2022rako lortu nahi du bazterkeria desagerraraztea. Jada, %88 itxi du.

Azken hamarkadetan egindako urrats aitzindarien ondorio da egungo egoera. 2009an berdintasun ikuspegia barneratu zuen aurrekontu publikoan. Hau da, zerga politiken zein aurrekontuen analisia egiten dute genero berdintasunean duten eragina aztertzeko, baliabideak nola banatzen diren edota politika ekonomikoek, onerako edo txarrerako, nori eragingo dioten ikusita. Halaber, emakumezkoen askatasun ekonomikoa laguntzen duten arloetan indarra jartzen dute, hala nola, lan merkatuan, zergetan, pentsioetan, gizarte segurantzan eta haurren zaintzan.

Neurri esanguratsuenetako bat, 2018arekin batera indarrean sartu zen genero arrakalaren debekua da. Legeak behartu egiten ditu 25 soldatapeko langile baino gehiago dituzten enpresak, pribatu zein publikoak, lan beragatik ordainsari bera ematen dutela ziurtatzera, inolako bereizkeriarik egin gabe. Horretarako, ikuskatzeak gauzatu behar dituzte berdintasun ziurtagiri bat eskuratzeko. Hala ez bada, isunak jasoko dituzte. 2016ko datuen arabera, batez beste, emakumezkoek gizonezkoek baino %14-18 gutxiago kobratzen zuten. Lau urte lehenago, berriz, 50 langile baino gehiago dituzten erakunde eta enpresak behartu zituzten euren administrazio kontseiluetan genero bakoitzeko gutxienez ordezkarien %40 izatera.

Zaintza pertekatua

Halaber, mende berrian sartzearekin batera, gurasoen eskubide eta erantzukizun partekatua ziurtatzeko, seme-alabak zaintzeko hiruna hilabeteko amatasun eta aitatasun baja ezarri zuten eta beste hiru hilabete nahi bezala elkarren artean partekatzeko. Zaintza partekatzearekin batera, erabaki honek ama izateko adinean dauden emakumeak kontratatzea sustatu nahi du, diskriminazioari aurre eginez, nahita ere amak ezin baitu bederatzi hilabeteko baja hartu.

Edonola ere, lan munduari eragiten dioten lege horiek guztiak borroka sozialaren emaitza dira. Data esanguratsuena eta mugimendu feministaren mugarrietako bat 1975eko urriaren 24an egindako Emakumeen Greba Nazionala izan zen. Egun hartan emakumezkoen %90ek parte hartu zuten, lanak utzi eta euren eskubideen alde manifestatzeko. Herrialdea geldiarazi zuten eta gizartean duten papera argi azaleratu.

Handik urtebetera, Genero Berdintasun Batzordea sortu eta Berdintasun Akta onartu zuen Parlamentuak, lanean eta eskolan genero berezikeria legez kanpokotzat jotzen zuena. Ordutik leku garrantzitsua lortu dute ekonomian eta politikan.

1980an Vigdis Finnbogardottir, ama ezkongabea, irakasle ohia eta Reykjavikeko Antzerki Konpainiako burua, Islandiako presidente bilakatu zen. Emakume bat demokratikoki estatuburu aukeratu zuen lehen herrialdea izan zen. Lau agintaldi egin zituen, 1996ra arte. Lehen gobernuburua, berriz, 2009an hautatu zuten. Krisi ekonomikoak gobernuaren gainbehera ekarri zuenean, Johanna Siguroardottir-ek hartu zuen kargua, publikoki LGTB+ kolektibokoa den lehena munduan. Karguan egun beste emakume bat dago, Katrin Jakobsdottir, baina 2017ko hauteskundeetan Parlamentuko andre kopuruak behera egin zuen %48tik %38ra.

Ereduak ez dira falta, baina, horrez gain, eskolan derrigorrezko irakasgai bat dute generoari buruz, bereizkeria nola, zergatik eta noren mesedetan eragiten den hausnartzeko.