2020 MAR. 31 Durango, bonbardaketatik 83 urtera Durangok aurten ere gogoratu ditu duela 83 urte herria suntsitu zuten bonbardaketak, osasun-alarmak sortutako egoera arraroan. Herri-ekimenei esker, beste urte batez herritarrek gogoratu dute faxistek Durangoko biztanleria zibilaren kontra bonbak jaurti zituen eguna. Durangoko bonbardaketaren irudia. (NAIZ) Marcel Pena Martxoaren 31n, Durangon, justizia eta oroimen eguna da. Duela 83 urte, Mussolinik bidalitako faxista italiarren hegazkinek, Aviazione Legionariakoek, Durango bonbardatu eta 337 hildako utzi zituzten, frankisten aginduz. Osasun-alarma egoerak eragotzi egin du aurten Durangoko kaleetan ekintzak egitea. Gerediaga bezalako kultura-elkarteek bultzatutako herri-ekimenari esker, ordea, Durangoko balkoietan ikurriña eta zapi bat krespoi beltzekin ikusi ahal izan dira bonbardaketaren oroitzapena egiteko. Gainera, Durangoko Udalak adierazpen berezi bat argitaratu du bere webgunean, urteurren tristea dela eta. Unai Iturriaga bertsolari durangarra eta egunkari honetako komiki tiraren egilea da. Iturriagak Durangok jasan zituen hiru «bonbardaketak» gogoratzen ditu: Heriotzarena, Gezurrarena eta Ukapenarena. Iturriagak bonbardaketaren erabilera politikoa kritikatu du, haurrek eskolan entzun behar zutenean «Durangok gorriek bonbardatu zutela», eta eskatu du ez ditzagun ahaztu munduko hainbeste «Durango»tik ihesean dabiltzanak. Iturriagak testua bukatzen du pasatu zena ez ahazteko eskatuz, urte askotan Durangoko bonbardaketaren egiarekin gertatu den bezala: «Lehenengo bi bonbardaketak galdu genituen: heriotzarena eta gezurrarena. Ez dezagun hirugarrena pasatzen utzi». Memoria historikoa «Halako gizagabekeriak berriro inon ez gertatzeko» lan egiten duen erakundeetako bat Durango 1936 da. Egia, Justizia eta Ordaina dira erakunde honek aldarrikatzen dituen hiru kontzeptuak, «askatasunaren eta Euskal Herriaren nazio-eskubideen alde faxismoari aurre egin zioten Durangaldeko herritarrei omen egiteko, euren borroka gogorra eta sufrimendu latza ezagutarazteko eta zor zaien ohorea aldarrikatzeko». Memoria historikoa berreskuratzeko lan horretan, Durango 1936k 110 elkarrizketa egin dizkie herritar eta bonbardaketaren lekukoei, eta 1.500 bideo argitaratu ditu. Durangarrez gain, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibarko herritarrak ere elkarrizketatu ditu elkarteak. Elkarrizketa guztiak Durango 1936ren web orrian daude. Atzotik, elkarteak webgune funtzionalagoa du, edukia bistarago izateko eta bilaketak errazteko. Webgune berria Elkarrizketa guztiak Durango 1936ren web orrian daude. Atzotik, elkarteak webgune funtzionalagoa du, edukia bistarago izateko eta bilaketak errazteko. Elkartzea ezinezkoa izan denez, durangar askok gaurko egunaren gertaerak krespoi beltzekin, Unai Iturriagaren testuarekin edo Durangoko 1936 elkarrizketekin gogoratu dituzte beren etxeetatik. Hori baita garrantzitsuena, gogoratzea.