GAUR8 - mila leiho zabalik

Mintzanet egitasmoak «bidelaguna» izateko izena ematera animatu ditu euskaldunak

Mintzanet egitasmoak kanpaina bat abiatu du euskal hiztunei eskatzeko «bidelagun» edo laguntzaile moduan izena eman dezaten, www.mintzanet.net webgunean, etxetik mugitu gabe euskara praktikatzeko aukera ematen duen ekimenak euskaraz ongi dakien pertsonen elkarlana behar duelako.

MINTZANET

Mintzanet egitasmoaren helburua da euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsonei etxetik atera gabe euskara praktikatzeko bidea eskaintzea, Euskal Herrian zein mundu osoan. Konfinamendu egoeran ere hori bermatzeko, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskara praktikatzeko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, egitasmoa guztiz doakoa da eta ezinbesteko bi oinarri ditu: Bidelaguna eta Bidelaria. Bidelaguna euskaraz ongi dakiena da (ez du titulurik behar); Bidelaria, berriz, euskara praktikatu nahi duena da (B1 maila izan behar du gutxienez). Une honetan, egitasmoak bidelagunak (laguntzaileak) behar ditu, eta www.mintzanet.net webgunean izena ematera animatu dute.

Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, «bestelako ondorio positiboak» ere baditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea.

Lakuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa dauka proiektuak, eta Maramara taldearen hizkuntza zerbitzuak kudeatzen du.