GAUR8 - mila leiho zabalik

Bilboko gazteen artean euskara sustatzeko Harrapazank programak sareko eskaintza eraberritua egingo du

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak hiriko gazteen artean euskara sustatzeko antolatzen duten Harrapazank kultur programak sareko eskaintza eraberritua egingo du, 'Harrapazank isindahouse' izenburupean, Covid-19 gaitzak ekarritako konfinamenduaren oztopoen ondorioz.

Harrapazank ekimenaren iazko edizioaren irudia. (TOPAGUNEA)

Horrela, kulturaz gozatu, sorkuntzan murgildu eta euskara indartzeko lantegi, ekitaldi eta lehiaketak eskainiko ditu ekimenak Bilboko gazteen etxeetan, datorren astelehenetik, apirilaren 20tik, maiatza amaitu bitartean, «etxean gelditzea ezinbestekoa ez ezik, erakargarria ere izan dadin», Bilboko Udaletik adierazi dutenez.

Harrapazank ekimenaren sareko bertsioak programaren jatorrizko helburu bera du: Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei euskarazko kultur eta aisialdi jarduera parte hartzaile eta berritzailea eskaintzea.

"Harrapazank isindahouse" ekimenak etxetik aritzeko lau aukera prestatu ditu: "Klikazank" sareko proben lehiaketa, "Harrapazank eszena" talentu lehiaketaren sareko bertsioa, "Arratsaldeak" lantegi eskaintza eta "#Harrapafest" zuzeneko jaia. Programak hainbat sari banatuko ditu gailu eta opari txarteletan, eta parte hartzeko xehetasunak www.harrapazank.eus webgunean eskura daitezke.

Zehazki, 10 urtetik gorako Bilboko gazteek "Klikazank" lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute astelehenetik aurrera. Lehiaketak sarean egin beharreko sei proba ditu, eta astero proba bat argitaratuko da www.harrapazank.eus webgunean eta sare sozialetan.

Parte hartzaileek astebeteko epea izango dute proba bakoitzaren erantzun zuzena harrapazank@gmail.com helbidera bidaltzeko, eta proba bakoitza gainditzen dutenen artean, opari txartelak zozkatuko dira. Era berean, proba bakoitzaren irabazleak opari txartel bat jasoko du, eta lehiaketaren garaileak iPhone 8 bat irabaziko du. Beste iPhone 8 bat zozkatuko da lehiakide guztien artean.

Lehenbiziko proba datorren astelehenean argitaratuko da, apirilaren 20an, eta azkena maiatzaren 25ean. Proben emaitza orokorrak eta irabazleen izenak 'Harrapazank' zuzeneko jaian emango dira jakitera, maiatzaren 30ean.